Aurten Gabonetako argi gehiago piztuko dituzte Markina-Xemeinen
Argiak herriko beste gune batzuetan ere ipini dituzte, Hemen be bai merkatari elkartekoek proposatuta. Gaur piztuko dituzte, 18:00etan.
Gabonetako argiak piztuko dira gaurtik [abenduak 4] aurrera Markina-Xemeinen ere. Aurten ere Piztu Dendak ekimena jarri dute martxan Markina-Xemeingo Udalak eta Hemen be bai merkatarien elkarteak kaleko giroa alaitu eta herriko merkataritzari bultzada emateko.
Iazko modura, bola erraldoi bat jarri dute Goiko Portalean eta Bizenta Mogel parkeko zuhaitza ere argiztatuko dute. Horrez gain, Hemen be bai elkartekoek hala proposatuta, herriko beste gune batzuetan ere jarriko dituzte Gabonetako argiak: Artibai kaleko Olibondoan, Frai Bartolome kaleko berdegunean eta Abesua kalearen amaieran. Hemen be bai elkartekoek azaldu dutenez, merkataritza dagoen herriko bestegune gune batzuk argiztea izan dute helburu.
Argiak pizteagaz batera hasiko dira baita Hemen be bai elkarteko merkatari eta ostalariak Gabonetako zozketaren txartelak banatzen ere. Eta, aurreratu dutenez, zozketa urtarrilaren 5ean egingo dute sare sozialen bidez.
Dendarien alkarteko establezimendutan erosten dutenen artean 1.000 euro zozkatuko dituzte. Diru kopuru hori, establezimenduetan gastatzeko bonu eran erabili ahal izango da. Guztira lau sari izango dira: 500 eurokoa, 250 eurokoa, 150 eurokoa eta 100 eurokoa.
Hemen be bai elkartekoek jakitera eman dutenez, udalerriko 43 merkatari eta ostalari daude, momentu honetan elkartean. “Jende gehiago batu da eta indarra hartzen ari da elkartea”, azaldu dute.
Lehiaketa. Bestalde, #piztudendak 2020 argazki lehiaketa ere antolatu dute merkatari elkarteak eta udalak. Gaur [abenduak 4] eman dituzte jakitera oinarriak Markina-Xemeingo Udalaren sare sozialen bidez. Azaldu dutenez, gaia Piztu dendak, piztu Markina-Xemein izango da, eta egile bakoitzak nahi beste argazki igo ahalko ditu Facebook edo Instagramera #piztudendak2020 traola erabilita.
Argazkiak abenduaren 18ra arte igo ahalko dira, eta hiru sari egongo dira:
- 1. saria: 125 euro
- 2. saria: 75 euro
- 3. saria:50 euro.