Azken 24 orduetan 3 kasu berri erregistratu dituzte Lea-Artibai eta Mutrikun
Atzo [abenduak 3] egindako azterketetan Lea-Artibai eta Mutriku osoan intzidentzia mailak behera egin duela ondorioztatu zuten; Lekeition nabarmen jaitsi da intzidentzia tasa. Markina-Xemeinen, Ondarroan eta Mutrikun erregistratu dituzte kasu berriak.
Azken 24 orduetan hiru kasu berri erregistratu dituzte Lea-Artibai eta Mutrikun: 1 Markina-Xemeinen, 1 Ondarroan eta 1 Mutrikun. Datu horiekin, atzo [abenduak 3] intzidentzia tasak eskualde osoko herrietan egin zuen behera, batik bat Lekeition. Azken herri horrek gune horian egoten jarraitzen du, 151,81eko tasarekin; bi egunetan intzidentzia tasa ia 130 puntu jaitsi da.
Ondarroak gune gorrian egoten jarraitzen du, 535,51ko tasarekin; azken 24 orduetan 70 puntuko beherakada erregistratu da. Mutrikuk gune laranjan egoten jarraitzen du, baina azken egunetako joera mantenduz gero, litekeena da gune horira pasatzea; gaur gaurkoz 318,71ko tasa dauka.
Lurraldeka. Lea-Artibai eta Mutrikuko egoera epidemiologikoa hobera egiten ari bada ere, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan zer edo zer moteldu da beheranzko joera. Horren aurrean, agintari politikoak kezkatuta daude. Dena dela, azken orduetan %5,2 izan dira positibo berriak (herenegun baino puntu bat gutxiago). Ospitaleratutakoak ere gutxitzen doaz, gutxinaka bada ere. Dena dela, azken 24 orduetan ZIUn dauden pertsona kopuruak gora egin du: atzo 335 pertsona zeuden ospitaleratuta, eta horietatik 129 ZIUn zeuden. Ospitaleetako presioak handia izaten jarraitzen duela diote.