Bigarren Euskaraldia ere ariketa sozial masiboa izan dela esan dute
Euskaraldiaren balorazioa egiterakoan esan dute aurten 179.780 lagunek parte hartu dutela. Zailtasunek antolaketa prozesuan eta Euskaraldiaren beraren garapenean eragin nabarmena izan duten arren, gizarteak euskararekiko duen herri-gogoa ariketarako hauspoa izan dela esan dute.
Euskaraldiaren balorazioa egin dute gaur [abenduak 4] Bilbon. Esan dutenez, aurten 179.780 lagunek parte hartu dute ariketan; bigarren Euskaraldia ere ariketa sozial masiboa izan dela esan dute. Lea-Artibain, Mutrikun eta Busturialdean, esaterako, 10.582 pertsonak parte hartu dute ariketan, eta 33 herrietan 442 Arigune sortu dira. “Urte honetan egondako zailtasunek antolaketa prozesuan eta Euskaraldiaren beraren garapenean eragin nabarmena izan duten arren, gizarteak euskararekiko duen herri-gogoa ariketarako hauspoa izan da”, esan dute Euskaraldiaren antolatzaileek, eta batzorde eta entitateek egindako lana eskertu dute.
“Aurreikuspenak egitea zaila den urtean, oso pozgarria da milaka lagunen konpromisoa berretsi dela eta aurreko edizioan parte hartu ez zuen Ahobizi eta Belarriprest asko ariketara batu dela ikustea”. Bereziki, ariketa gauzatu den egunetan jasotako esperientzia eta ohitura aldaketei lotutako bizipenak eskertu dituzte. “Euskaraldia ariketa pertsonal bezain kolektiboa da eta bizipen guzti horiek dira ariketari zentzua ematen diotenak”.
Euskaraldia egitea erronka izan dela gaineratu dute. 2020 urte berezi honetan. Baina azpimarratu dute euskal gizarteak berriro erakutsi duela garai zailetan ere gai dela ariketa sozial honen bueltan indarrak bildu eta Euskal Herri osora zabaltzeko. “Gizarte bizia da gurea. Euskararen aldeko herri gogoak gauza harrigarriak egitera eraman izan gaitu hainbat hamarkadatan, eta beste hizkuntza komunitate batzuentzat eredu gara. Aurten, herri gogo hori berriro ariketa sozial masibo honen bueltan aktibatu da. Gizarte modura behar genuen”.
Ariketa amaitu bada ere, Ahobizi eta Belarriprest roletan sakontzen jarraitu beharra dagoela nabarmendu dute. “Oraindik ere belarriprest izan daitekeen jende asko dago arrazoi ezberdinengatik Euskaraldian modu aktiboan parte hartzeko erabakia hartu ez duena. Hurrengo ediziorako erronka bat izango da jende multzo zabal hori aktibatzea”.
Ariguneei dagokienez, pandemiak sortutako zailtasunen aurreran ere Ariguneak sortu dituzten enpresa, elkarte eta taldeak ere milaka izan direla diote. “Ez da erraza izan aurten entitate askorentzat ariguneak sortzeko prozesua. Hala ere, milaka entitate batu dira ariketara, eta gogotsu ekin diote gune babestuak sortu eta hedatzeari. Baina ariguneak sortuta ateak zabaltzeko zailtasun edo ezintasuna izan duten hainbat entitate ere egon dira. Gogoan ditugu eta beraiekiko zor bat ere sentitzen dugu, ariketara batzeko egin duten ahalegina itzultzekoa”.
Euskaraldiak inertziak apurtzeko babesa duela eta orain aldatu diren dinamikei ahalik eta gehien eusteko garaia dela gogorarazi dute
Herri batzordeei ere aipamen berezia egin diete. Izan ere, zailtasunak zailtasun hor egon izana eskertu diete. “Duela bi urte baino udalerri gehiagotan antolatu da Euskaraldia, tokian tokiko euskalgintza, erakunde eta euskaltzaleei esker. Herri gehiagotan egon dira batzordeak eta boluntarioak lanean, ahalegin ikaragarria egiten. Eta nahi genuke Euskaraldiak abiatu dituen hainbat batzorderen lanak jarraipena edukitzea Euskaralditik haratago ere”.
Azkenik, Euskaraldiak inertziak apurtzeko babesa duela eta orain aldatu diren dinamikei ahalik eta gehien eusteko garaia dela gogorarazi dute. “Txapak egunotan eman dizkigun ahalmen horiek gurekin eraman ditzagun euskarari eutsi nahi diogun guztietan. Lortutako adostasunak eta identifikatutako espazio horiek balia ditzagun aurrerantzean ere, gure lantoki, elkarte, denda eta espazio publikoetan euskaraz aritzeko”.
Balorazioa euskal gizartea zorionduz amaitu dute. “Erakutsi dugu elkar hartuta inertziak apurtzen, ohiturak aldatzen eta euskararentzako guneak irabazten jarraitu dezakegula. Badugu zeregina oraindik ere, baina egunotan sortutako energia sozialari eta auzolanari eusteko deia egin nahi dugu, sortzen ari garen hizkuntza praktika berriek bidea egin dezaten”.