Ekaitz Mendizabalek "partidu bikaina" jokatu du Daniako Jai Alain
Mutrikuarrak Txasio puntista zarauztarrarekin osatu du bikotea udazkeneko txapelketako lehenengo finalaurrekoan. Erik Mendizabal puntista mutrikuarraren eta Manu Ladutxeren aurka jokatu dute, eta 14-15 markagailuarekin, Goixarri eta Txasio izan dira garaileak.
Ekaitz Mendizabal Goixarri-k udazkeneko txapelketako finalaurrekoa jokatu zuen atzo [abenduak 3] Floridako Dania Jai Alai pilotalekuan, Txasio zarauztarrarekin bikotea osatuz. Aurrean Erik Mendizabal puntista mutrikuarra eta Manu Ladutxe lapurtarra eduki dituzte, eta 14-15 markagailuarekin, Goixarri eta Txasio izan diran garaileak. Daniako ordezkariek esan dute Goixarrik bere ibilbidean aurrerapauso handia eman duela eta Txasiorekin batera “partidu bikaina” jokatu duela.
“Finalaurreko honetan Erik Mendizabal eta Manu Ladutxe ziren faboritoak, eta nahiz eta partidua nahikoa berdinduta hasi, Goixarrik eta Txasiok denbora guztian aurrea hartu dute, bi-hiru tantoko abantailarekin”. Partiduaren azken txanpara bi bikoteak berdinduta heldu dira, baina Erik Mendizabalen hutsegite batek Goixarriri eta Txasiori eman diote garaipena. “Azken tanto horrek publikoaren txalo zaparrada eragin du, eta Goixarrik eta Txasiok garaipena ospatu dute”. Oro har, partidua tentsio eta kalitate handikoa izan dela azpimarratu dute.
Daniako ordezkariek esan dute nabarmentzekoa dela Goixarrik egindakoa. “Puntista gaztea da, eta txikitatik bizi izan du Erik Mendizabalen garaipenak. Orain, baina, txapelketa ofizialean, eta finalaurreko batean, irabazi egin dio”. Gainera, txapelketa honetan Goixarrik Jon Zulaika Daniako beste figura garrantzitsuenetako bati ere irabazi egin diola gogorarazi dute. “Hori gutxi ez balitz, kontuan eduki behar da finalaurrekoetan lehiatu ahal izateko kinieletan ere onenen artean egon behar izan dela. Beraz, zorionak Ekaitz!”.
Esan dute Goixarri Mutrikuko Danok Baten lan handiaren fruitua dela. “Puntista abila eta ausarta da. Duela bi urte heldu zen AEBtara, 19 urterekin. Bi urte hauek maila hobetzeko eta Erik Mendizabal, Barandika eta Zulaika bezalako puntistekin lehiatzeko balio izan diote”.