Jaurlaritzak hilaren 9an aztertuko du Gabonetako neurriak nola beteko dituen
Eguaztenean egingo dute LABIren bilera, eta horretan erabakiko dute Gabonetako neurriak nola beteko dituen. Madrilek erkidegoekin adostutako irizpide orokorrak egokitzeko aukera daukate, betiere murriztaileagoak badira.
Eguaztenean [abenduak 2] Espainiako Gobernuak erkidegoekin hitzartu zuen Gabonetan nola jokatu. Orain, Eusko Jaurlaritzak erabaki beharko du ea irizpide orokor horien gainean murrizketa handiagoak ezartzen dituen. LABI Babes Zibileko Planaren aholku batzordeak eguaztenean [abenduak 9] aztertuko du ea nola ezarri irizpideok Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
Gotzone Sagardui Jaurlaritzako Osasun kontseilariak azpimarratu du erkidegoen bileran «oinarrizko» gai batzuk hitzartu zirela, baina erkidegoek aukera edukiko dutela horiek egokitzeko, betiere aldaketa murriztaileagoa bada. Sagarduik ez du zehaztu neurriak zorroztuko ote dituzten: “Datorren astean jakingo dugu zein izango diren eta nola ezarriko diren”.
Orokorrean, agintari politikoak kezkatuta daude. Izan ere, atzo [abenduak 3] Ignacio Garitano Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Zaintza eta Kontrol Programaren koordinatzaileak esan zuen beheranzko joera moteldu egin dela azken egunetan, eta dei egin zien herritarrei Gabonetan harreman sozialak murrizteko.