Zaldibar Argituk elkarretaratzea egingo du Markina-Xemeinen
Domekan [abenduak 6] 13:00etan Goiko Portalean batzeko deia egin dute. Elkarretaratzea 'Zaldibar argitu! Langileak, osasuna eta erantzukizunak orain!' lelopean egingo da.
Zaldibarko zabortegiko ezbeharra gertatu zela 10 hilabete beteko dira domekan [abenduak 6]. Horren harira, Joaquin Beltrán eta Alberto Sololuze gogoan dituztela esan eta erantzukizunak exijitzeko elkarretaratzea egingo dute Markina-Xemeinen, domekan bertan, 13:00etan, Goiko Portalean. Mobilizazioa Zaldibar argitu! Langileak, osasuna eta erantzukizunak orain! lelopean egingo da.
Zaldibarren, Verter Recycling-en zabortegian, sekulako luizia gertatu zen otsailean, eta bi langile harrapatu zituen: Alberto Sololuze Markina-Xemeingo bizilaguna eta Joaquin Beltran Zallakoa. Sololuzeren gorpua abuztuaren 19an aurkitu zuten, eta haren aldeko hileta elizkizuna egin zuten irailaren 8an, Xemeingo elizan. Beltranen gorpua topatzeko daukate oraindik. Kudeaketan irregulartasun ugari azaleratu dira luiziaren ostean.
Azaroaren 24an, gainera, Zaldibar Argitu plataformak eta Ekologistak Martxan elkarteek Zaldibarko auzia ikertzeko eskatu zuten Europako Parlamentuko Eskaeren Batzordean. Orain, batzorde horrek tramiterako onartu du eskaera, eta, horrenbestez, Ingurumen eta Enplegu Batzordeak eta Europako Batzordeak auzia ikertu eta jarrera bat azaldu beharko dute gaiaren gainean. Europak hondakinen kudeaketaren gainean daukan araudia bete den edo ez ikertuko dute, eta osasun publikoa eta ingurumena babesteko araudia ere bete den. Urtarrilaren 21 baino lehen eman beharko dute azalpena.