Andoni Azkarate Alkorta: "Bakarrik bidaiatzeko daukadan zaletasuna kirolagaz uztartu dut"
Andoni Azkarate kirolari ondarrutarrak Iberiar penintsula hegoaldetik iparraldera bizikletan zeharkatu zuen urriko bigarren hamabostaldian. Bederatzi etapatan banatuta, 1.200 kilometro egin zituen.
Zerk bultzatuta ekin diozu halako abenturari?
Uztailera arte Gasteizko Ironmana prestatzen aritu nintzen, baina bertan behera geratu zen. Horrenbeste entrenatu eta gero, zerbait berezia egin behar nuela sartu zitzaidan buruan. Jende gutxik egindako zerbait egitea bururatu zitzaidan, baina osasun larrialdi egoera dela eta, Espainiako mugetatik irten barik egiteko zerbait izan behar zen. Azkenean, Iberiar penintsula bizikletan zeharkatzea erabaki nuen.
Zeharkaldia nondik hasi zenuen?
Hasiera batean, Gibraltarren hastea pentsatu nuen abentura, baina beste herrialde bat izanda, egin ahalko nuen edo ez jakin barik, Tarifan hastea erabaki nuen. Hau da, Espainian hegoalderen dagoen puntutik. Bertara, Julen Solabarrieta eta Luken Iturrino lagunek eraman ninduten, eta, egia esan, eurei ere eskerrak eman beharrean nago.
Eta nondik nora joan, zelan prestatu zenuen?
Jendeak Komoot moduko aplikazioetan partekatutako informazioa jaso eta Google mapsegaz osatu nuen egin nahi nuen ibilbidea. Hasiera batean ibilbidea Astuariastik egitea pentsatuta nuen, baina bidean nentorrela Espainiako hainbat erkidego ixten hasi ziren; horrek neurri handi batean abentura baldintzatu egin zuen. Izan ere, aurreikusitako ibilbidea aldatu egin behar izan nuen. Zegoen egoera ikusita, ibilbidea moztu eta arinago bueltatu nintzen etxera.
Ibilbide luzeagoa egitea pentsatuta zenuen orduan?
Hasiera batean 1.426 kilometro hamalau edo hamabost etapetan banatuta egitea pentsatuta neukan. Baina erkidego asko ixten ari ziren, eta belauneko min handiekin ere banebilen. Egun gehiago sufritzea ere ez nuenez nahi, ibilbidea moztu eta barru aldetik zer edo zer motzagoa egin nuen.
Penintsula hainbat ibilbidek zeharkatzen dute. Bateren bat jarraitu duzu bereziki?
Andaluziatik irteten duen Zilarraren Bidea deritzona hartu nuen. Ia amaitu ere egin nuen, Salamanca pareraino jarraitu nuen bidea.
“Egun asko basatzan ibili nintzen. Euria asko egin zuen, txingorra ere bai”
Zelako bideetatik ibili zara?
Gehien bat mendi bideetatik ibili naiz. Errepideetatik gutxi ibili naiz. Gurutzatu ditudan errepideak autobidearen ingurutik igarotzen direnak izan dira. Auto gehienak autobidetik zihoazela aprobetxatuta, errepide nagusitik lasai joateko aprobetxatzen nuen. Bestelakoan, zirkulazio handiko tokietatik ez igarotzeko asmoagaz, mendi bideetatik ibili naiz. Modu horretara, lasaiago ibili naiz, eta askoz segurtasun gehiagogaz.
Zeharkaldia zelako bizikletagaz egin duzu?
Mendikoagaz. Gurutzatu behar nituen bideetako asko eskasak ziren, eta horregatik aukeratu nuen. Basa eta harri askoko bideetatik ibili naiz, eta horiek errepideko bizikletagaz gurutzatzea askoz arriskutsuagoa da. Mendiko bizikleta, gainera, zakutoak eramateko prestatuta ere banuen.
Arazorik eman dizu?
Ez askorik. Gurpilik ez zait zulatu. Zakutoak apurtu zitzaizkidan, eta konpondu nituen. Beste egun batean katea eduki nuen txarto, eta horrek nahikoa denbora galdu eragin zidan. Oinpeko bat ere apurtu zitzaidan.
Zelakoak izan dira etapak?
Egun asko basatzan ibili nintzen. Euria asko egin zuen, txingorra ere bai. Lehenengoko egunetan indar aldetik ondo aurkitu nuen nire burua, eta aurreikusitako orduak egin nituen bizikleta gainean; egunean sei eta zortzi ordu bitartean ibili naiz pedalei eragiten. Bataz beste, 135 bat kilometro egin ditut egunean. Azken etapa izan zen luzeena, 180 kilometrokoa.
Abenturako momenturik gogorrena zein izan da?
Bigarren egunean errenka nenbilen belauneko minagatik. Egun batzuk arinago bizikleta lagun bati utzi nion, eta hark aulkia jaitsi zion. Ez nintzen konturatu aulkia nire neurrian jarri barik zegoenik, eta egun oso bat beherago eserita pedalei ematen igaro ostean, mina igarri nuen belaunean. Laugarren, bosgarren eta seigarren etapak bereziki oso gogorrak izan ziren. Txingorra egin zidan bidean, eta mina nuenez, hankarik ere ia ezin nuen lurrean ipini. Goizeko lehen orduetan sumatzen nuen minik gehien; asko sufritu nuen. Pare bat egunetan hasi bizikletan, eta ezinean ibili nintzen. Neure burua engainatu, eta ordubete bada ere pedaleatzeari ekiteko konbentzitzen nuen neure burua, eta horren ostean beste beste bat, eta beste bat… etapa amaitu arte. Egia esan, momentu oso gogorrak izan ziren; min handiagaz egon nintzen.
“Etorkizunean, bizikleta hartu eta munduari buelta ematea gustatuko litzaidake”
Errepidean une arriskutsurik bizi izan zenuen?
Errepide batetik nindoala furgoneta batek aurreratu ninduen, baina furgoneta ni aurreratzen ari zela, beste ibilgailu bat hura aurreratu nahian hasi zen. Maniobra arriskutsua, gainera, ikusgarritasun txikia zegoen bihurgune batean hasi zen egiten bigarren ibilgailua. Azkenean losa jotzen amaitu zuen maniobra arriskutsua egin zuen ibilgailuak. Besteoi ez zitzaigun ezer gertatu, baina asko beldurtu nintzen. Hori gertatu ostean, errepideak gehiago saihestu nituen. Ez nuen nahi antzeko momenturik gehiago bizi.
Hainbeste egunetan, pasadizoren bat ere edukiko duzu.
200 bat zezenegaz topo egin nuen bidean. Ordu erdi bat eurak mugitzeko zain egon behar izan nintzen, ezin nintzen pasa eta! Ez zegoen bizikletagaz igarotzeko tarte bat bera ere ez. Zezenak lasai-lasai zeuden larrean, abeltzaina etorri arte han egon ziren.
Erronkari bakarrik ekitea zelakoa izan da?
Ederra, oso ederra. Bakarrik bidaiatzea asko gustatzen zait. Oraingoan, gainera, bakarrik bidaiatzeko daukadan zaletasuna kirolagaz uztartu dut.
Beste antzeko erronkarik badaukazu buruan?
Etorkizunean, bizikleta hartu eta munduari buelta ematea gustatuko litzaidake. Koronabirusak lagatzen badit, Ironmana egin eta horixe ixango da nire hurrengo erronka pertsonala. Hori bai, munduari buelta emanez gero, abentura grabatzea gustatuko litzaidake, eta horretarako lagunen batzuk animatzea beharko nuke, furgoneta bategaz nigaz parez pare etorri daitezen.
Amaitzeko, antzeko erronkaren bat egin nahi duenari zer gomendio emango zenioke?
Lehenengo eta behin, ganoraz prestatzeko gomendatuko nioke. Ondo entrenatuta joatea beharrezkoa da, eta psikologikoki ere denerako prest egotea garrantzitsua da. Horrelako zerbait prestatzen duzun momentuan, argi eduki behar duzu aurreikusita ez dagoen edozer gertatu ahal dela. Gurpila zulatzea, mina hartzea… jakin behar duzu horrelako momentuak ailegatu egingo direla, eta horiei zuk eman behar diezu erantzuna.