Alex Txikonek 'Mendi Biluzia' filma aurkeztuko du Markina-Xemeinen
Liburuak sinatzen egongo da barikuan [abenduak 11] Uni frontoian, eta emanaldiaren osteko solasaldian ere parte hartuko du.
Alex Txikon mendigoizaleak 2016ko otsailaren 16an Nanga Parbatera egin zuen igoera eta gailurra kontatzen dituen Mendi Biluzia filma aurkeztuko du Markina-Xemeinen ere. Barikuan [abenduak 11] liburuak sinatzen egongo da Uni frontoian 17:30etik aurrera, eta 18:30ean hasiko den filmaren emanaldiaren ostean, mendigoizaleagaz solasaldian jarduteko aukera egongo da.
Barikuko ekitaldira joateko aukerarik ez daukatenek zapatuan [abenduak 12] ere edukiko dute filma ikusteko aukera. Bi emanaldi eskainiko dituzte Esperantza aretoan, 17:00etan eta 19:00etan.
Artibai Mendigoizale Taldeak eta Markina-Xemeingo Udalak antolatutako ekitaldietara joan nahi dutenek, aldez aurretik eskuratu beharko dituzte sarrerak. Udaletxeko kutxazainean egongo dira salgai, 5 eurotan (08:15-20:00).
Gailurra. Alex Txikon mendigoizale bizkaitarrak historia egin zuen, lehen aldiz neguan Karakorumeko mendikatean (Asia) dagoen Nanga Parbateko tontorrera helduta, eta balentria hori film bihurtu dute orain. Filmak, Txikonek berak jasotako eta orain arte ikusi gabeko irudiak biltzen ditu, eta baita Red Bull Media Housek proiektuari emandako aireko eszena ikusgarriak ere.
Horrela, 70 minutu baino gehiagoko filmean, ikus-entzuleek neguko espedizio baten murgildu eta tontorrera heldu, baina batez ere oinarrizko kanpalekura itzultzearen garrantzia ulertzeko aukera edukiko dutela aurreratu dute. Izan ere, Txikonek dionez, “gailurra ekipoko gainerako kideekin oinarrizko kanpalekura itzultzen zarenean lortzen duzu”.
Filmagaz gain, lorpena xehetasun gehiagogaz kontatzen duen izen bereko liburua ere argitaratu du mendizaleak. 90 argazki baino gehiago dituen liburu berezia Tom Ballarden eta Danielle Nardiren erreskateagaz hasten da. 2019ko neguan Txikonek erreskate lanetan parte hartu zuen K2 oinarrizko kanpalekutik Nanga Parbatera joanda. Hortik aurrerakoak kontatzen ditu mendigoizaleak, espedizo bat neguan egiteak dituen zailtasunak eta eragiten dituen sentimenduak azaleratuz.