Lekeitioko Udalak Garraitz irla balioan jartzeko proiektu berria abiarazi du
Hitzarmena sinatu dute Aranzadi zientzia elkarteagaz, proiektuagaz lanean hasteko.
Garraitz irla berreskuratu eta balioan jartzeko aurrerapausoak ematen jarraitzen du Lekeitioko Udalak. Garraitz irlaren itsas ondarea eta bertan dauden eraikuntzak babesteko eta kontserbatzeko exekuzio proiektu bat prestatzen hasiko dira orain, eta horretarako hitzarmen bat sinatu dute Aranzadi zientzia elkarteagaz. Lan hori ere Garraitz 25 egitasmoaren baitan kokatzen da. Ondare balio garrantzitsua daukaten elementuak dokumentatu eta balioan jarri nahi dituzte egitasmo horren bidez, eta Lekeitioko hiribilduaren 700 urteurrenerako amaituta egotea dute helburu, hau da, 2025 urterako.
Uhartearen aurri historikoak babestu eta berreskuratzea da proiektu berriaren helburua. “Utzita egoteak eta mantentze faltak elementu desberdinak pixkanaka hondatzea eragin du, eta Lekeitioko Udalean eta herriko kultur elkarteen artean interes berezia sortu da uharte honi bere iragana itzultzeko”.
Hori dela eta, ingurune berezi hori balioan jartzeko, exekuzio proiektua garatuko dute. Horrez gain, azken urteetan, beste hainbat proiektu ere landu dituzte uhartea berreskuratzen joateko asmoz.
Parke Arkeologikoa. Lekeitioko Udala, Atabaka Elkartea, Aranzadi zientzia elkartea eta Bizkaiko Foru Aldundiaren elkarlanari esker, 2019an Kultur Ondarearen Zuzendaritzak Garraitz uharteari Parke Arkeologiko izaeraren aitorpena egin zion, eta aitorpen horrek irlako ondarea hobeto zaintzeko tresnak eman dituela azaldu du udalak: “Gunean bertan aurkitzen diren iraganeko aspektuak ikertu eta gizarteari komunikatzeko erraztasunak lortu dira”.
Bestalde, 2015 urtetik Garraitz irlako kultur ondarea aztertzeko hainbat ikerketa kanpaina egin dira. “Lan horien ikuskapen arkeologikoa Alfredo Moraza Aranzadi Zientzia Elkarteko kideak egin du, eta irlan aztarna ugari daudela egiaztatu da”. Ikerketen bidez jakin dute irla zeharkatzen duen bidean, hiru gune desberdinetan kokatuta, tipologia eta kronologia desberdinetako egiturak daudela. Horrela, hasierako gunean San Nikolas ermita eta Frantziskotarren komentua kokatzen dira, tontorrean gotorlekuak eta muturrean, iparraldeko muturreko multzo gotortua.
Zehaztu dutenez, gaur egunera arte uhartean aurkitu dituzten aztarna arkeologikoak, beraz, erdi aroaren amaierakoak, aro modernokoak eta garaikidekoak dira, XIV-XIX. mendeak.
Ondare arkeologikoagaz gain, ondare naturalari ere eman diote garrantzia. Hala, Parke Arkeologiko izendapenaren ondoren txosten botaniko bat osatu zuten uharteko landaretza eta bertan bizi diren animaliak zehaztuz, eta horiek mantentzeko edota berreskuratzeko kudeaketa ereduak proposatu zituzten.
“Parke arkeologikoaren izendapenak, uhartearen balioa berreskuratu, babestu eta Lekeitioko paisaian barneratzea du helburu, izan ere gure herriko ondare garrantzitsua da. Denbora luzez, Garraitz irlaren lurrak hainbat okupatzailek kolonizatu zituzten eta hauek ondare eta arrasto bereziak utzi dizkigute”.