Mutriku gune horira pasatu da, azken orduetan kasu berririk ez dutelako erregistratu
Atzo [abenduak 7] 2 kasu erregistratu zituzten Lea-Artibai eta Mutriku mailan. Hain justu, kasu berri biak Berriatuan erregistratu zituzten. Gainontzeko herrietan ez dute kasu berririk atzeman. Gaur gaurkoz, Lekeitio eta Mutriku daude gune horian, eta Ondarroak laranjan egoten jarraitzen du.
Azken 24 orduetan Lea-Artibai eta Mutriku mailan 2 kasu berri erregistratu dituzte, eta biak Berriatuan atzeman dituzte; gainerako herrietan ez dute kasu berririk erregistratu. Mutriku, gainera, kasu berririk erregistratu ez dutenez, gune laranjatik gune horira pasatu da, 100.000 biztanleko intzidentzia maila metatua 300 azpitik kokatu delako. Zehatz esateko, 299,96ko tasa dauka Mutrikuk.
Ondarroak gune laranjan egoten jarraitzen du, eta intzidentzia mailak behera egiten jarraitzen du; 454,02ko tasa dauka. Bestalde, Lekeitio ere gune horian dago, eta egunez egun intzidentzia maila gero eta baxuagoa da; 138,01eko tasa dauka.
Lurraldeka. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan atzo [abenduak 7] 369 positibo berri erregistratu zituzten; egindako proba guztien artean %5,6 izan ziren positiboak. Eta asteburuan ospitaleratutakoen kopuruak gora egin eta gero, herenegun eta atzo [abenduak 6-7] behera egin zuen. Atzo, hain justu, 14 pertsonak hartu zuten alta. Guztira, atzora arte, 384 pertsona zeuden ospitaleratuta, horietatik 128 ZIUn.