Etorkin gazteek euskara ikasteko programa bat abiaraziko dute Ondarroan
Ikasle etorri berrientzat Gabonetan gauzatuko den Bidelagun programa antolatu dute. Euskaragaz lehen hartu-emana edukitzeko euskara ikastaroa ere antolatu dute. Parte hartzea doakoa da; zabalik dago izen-ematea.
Ondarroako Udalak, AEK eta Ondarroako Gazte Asanbladarekin batera, etorkin gazteek euskara ikasteko programa bat abiaraziko du. Bidelagun izena dauka programak, eta Gabonetako opor egunetan gauzatuko dute, aisialdiko ekintzetan oinarrituz. Parte hartzea doakoa da eta izena eman nahi dutenek udal euskara zerbitzura (94-683 36 68) deitu beharko dute.
Uda partean egin modura, ikasle etorri berriek Gabonetan ere “ekintza entretenigarriak” eginaz batera euskara praktikatzeko aukera edukiko dutela esan dute. Programan izena ematen dutenek abenduaren 28an eta 29an eta urtarrilaren 4an eta 5ean antolatutako ekintzetan parte hartzeko aukera izango dute, eta horietan bidelagun gazte asanbladako kide batzuk izango dituzte.
Gazteenentzako eskaintzaz gain, ohiko euskara ikastaroak ere eskainiko ditu udalak etorkinentzat. Eskolak AEKren euskaltegian emango dituzte Aisa etorkinak euskara ikasten programaren bidez. “Era horretara, euskaragaz hasierako hartu-emana izateko bidea eskainiko zaie gure herrira etorri berri diren bizilagunei”.
120 orduko iraupena duen euskara ikastaroa doakoa da; astean bi orduko bi saio egingo dituzte. “Ordutegia taldekideen premiaren arabera zehaztuko da”. Azpimarratu dutenez, deialdia zabala da eta edozein adinetako etorkinek parte hartu ahal izango dute. Ikastaroan izena eman nahi dutenek Ondarroako AEKren euskaltegira (94-613 40 21) edo udal euskara zerbitzura (94-683 36 68) deitu beharko dute.