Patxi Bisquert aktoreak 'Ombuaren itzala' proiektua aurkeztuko du Ondarroan
Proiektua astelehenean aurkeztuko dute Beikozinin. Aurkezpenagaz filma gauzatzeko laguntzaileak lortu nahi dituzte.
Pedro Mari Otaño bertsolari zizurkildarraren bizitza eta obra pantaila handira eramateko asmoa agertu du Eguzki Arte Zinema ekoiztetxeak, baina erronka horri aurre egiteko, auzolan kanpaina bat abiarazi dute. Patxi Bisquert aktorea ari da proiektua gidatzen, eta astelehenean [abenduak 14] 19:00etan hasita Ondarroako Beikozini aretoan egingo duten aurkezpenean Omburen itzala filmaren finantzazio prozesuaren eta ikus-entzunezkoari buruzko xehetasun gehiago emango ditu.
Ekintza herriz herri eskaintzen ari diren berbaldien barruan kokatzen da, eta Ion Iñaki Artetxe ondarrutarrak egingo du solasaldiaren aurkezpena. Azpimarratu dutenez, hitzaldira joateko ez da gonbidapenik edo sarrerarik beharko.
Ondarroako aurkezpenagaz, hain zuzen, fikziozko filma gauzatzeko laguntzaileak lortu nahi dituzte. Filmak sortuko dituen gastuei aurre egiteko auzolanaren beharra azpimarratu dute filmaren sustatzaileek. 300.000 euro biltzea da asmoa, herritarrek egindako 30.000 ekarpenekin. Ekimena bultzatu nahi dutenek hamar euroko ekarpena egin ahal izango dute, eta trukean filma ikusteko sarrera bat eskuratuko dute.