'Urpekakariak' bertso-antzerki ikuskizunerako eta Naz hirukotearen kontzerturako doako sarrerak aurretiaz hartu behar dira, goizez udal admnistrazioan, eta arratsaldez, liburutegian.
Munitibarko Udalak eta Txopitturri Guraso Elkarteak, aisialdirako hainbat eskaintza eman asmoz, agenda bateratua jarri zuten martxan iaz. Baina azken hilabeteetan aurreikusita zituzten ekintzak ezin izan dituzte egin, eta orain horiei berrekingo dietela jakinarazi dute: “Pandemiaren eraginez eskaintza geldi egon eta gero, herritarrei urte osoko ekintza desberdin eta anitzak barnebiltzen dituen agenda bateratua berriro martxan jartzea erabaki da”.
Zehaztu dute agendaren ziklo bakoitza urtaroekin batera joango dela, eta urtaro bakoitzean bi zati desberdinetan programatuko dituztela ekintzak. Neguko agendaren lehenengo zatia abenduaren 18tik urtarrilaren 17ra arte programatutako ekintzekin osatu dute.
Sarrerak doakoak badira ere, egungo egoerak baldintzatuta, espazio itxietan egingo dituzten ekintzetarako aurretiaz erreserbatu beharko dituzte herritarrek. Sarrera guztiak banatzen ez badira, egunean bertan aforoa bete arte sartzeko aukera egongo da.
Astelehenetik barikura hartu behar dira sarrerak; 09:30etik 14:00era, udal administrazioan eskuratu behar dira, eta 16:00etatik 20:00etara, berriz, liburutegian.
Neguko agendarako bost ekitaldi prestatzen ari dira. Abenduaren 18an egingo dute lehenengoa. Urpekariak ikuskizuna eskainiko dute, udal aretoan, 17:00etatik aurrera. 6 urtetik aurrerako umeei zuzendutako emanaldia da, eta 28 pertsonako aforoa edukiko dute. Beraz, sarrerak gaurtik [abenduak 11] abenduaren 18ra [barikua] hartu behar dira.
Txopitturri Guraso Elkarteak antolatuta, abenduaren 24an, Olentzerori eta Mari Domingiri harrera egingo diote herriko plazan, 18:00etatik aurrera. Abenduaren 31rako, berriz, Oiz mendira irteera antolatu dute. 10:00etan Herriko plazatik irtengo dira, eta aurten, hamaiketakoa norberak eroan beharko duela ohartarazi dute.
Bestalde, urtarrilaren 8ko ekitaldirako ere sarrerak aurretiaz hartu beharko dira. Naz hirukote gernikarrak zuzeneko kontzertua eskainiko du udal aretoan, 19:00etan hasita. 28 pertsonako aforoa edukiko dute, eta abenduaren 28tik [astelehena] urtarrilaren 8ra [barikua] eskuratu beharko dira sarrerak.
Neguko agendaren azken ekintza urtarrilaren 17an egingo dute. Munitibarko hainbat txokotatik pista digitalen jolasa egingo dute 10:00etan Herriko plazan hasita.
Protokoloa. Ekintza horiek Munitibarko Udalak idatzitako protokoloan jasotako baldintza eta segurtasun neurri guztiak errespetatuz egingo direla gogoratu dute. Beraz, maskara erabiltzeaz eta distantziak mantentzeaz gain, ekitaldietara sartu aurretik herritarrek eskuak garbitu beharko dituzte, eta tenperatura hartuko zaie.
EKINTZAK:
- Abenduak 18. Urpekakariak bertso-antzerki ikuskizuna, 17:00etan, udal aretoan.
- Abenduak 24. Olentzero eta Mari Domingi, 18:00etan, herriko plazan.
- Abenduak 31. Oiz mendira irteera, 10:00etan, herriko plazan.
- Urtarrilak 8. Naz taldearen kontzertua, 19:00etan, udal aretoan.
- Urtarrilak 17. Pista-ginkana digitala, 10:00etan, herriko plazan.