Aratz Mugertza bosgarren sailkatu da promozio txapelketan
Julen Larrea eta Arkaitz Jauregik lortu dute maila gorenera igotzea. Bestalde, Iker Vicente da Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusiko txapelduna.
Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusiaren finala eta promozio txapelketa lehiatu zituzten atzo, Bilbao Arenan. Bigarren mailako zortzi aizkolarik jokatutako promozio txapelketan bosgarren gelditu zen Aratz Mugertza mutrikuarra.
Mutrikuko aizkolaria ez zen eroso aritu: “Ez nintzen gustura ibili. Mozketetan gaizki aritu nintzen, egurrak zaititu ezinik. Orokorrean denean ibili nintzen gaizki, ezinean. Hasieratik egurrak bukatzen gaizki sentitu nintzen. Egun txarra eduki nuen”. Orokorrean, jaialdi moduan ikusteko “polita” izan zela uste du, “baina pena jenderik gabe egin zelako”.
Aizkolariek 54 hazbeteko bi (40zm-ko diametroa), 60 zm-ko bi(44 zm-ko diametroa) eta 72 zm-ko bi (53 zm-ko diametroa) moztu behar izan zituzten. 26 minutu eta 17 segundoko marka egin zuen Mutrikuko aizkolariak. Lehenengo eta bigarren Julen Larrea eta Arkaitz Jauregi sailkatu ziren, hurrenez hurren, eta hortaz, horiek lortu dute maila gorenera igotzea. 23 minutu eta 40 segundotan burutu zituen lanak Larreak, eta Jauregik Larreak baino 28 segundo gehiago behar zituen lanak amaitzeko.
30 minutu baino gutxiagotan amaitu zuten promozio txapelketa. Erritmo bizian hasi ziren, eta lehia bizian aritu ziren Larrea III.a, Jauregi, Julen Kañamares eta Eneko Saralegi. Larrea izan zen azken enborra ebakitzera heltzen lehena, beste hirurengandik segundo gutxiko aldearekin. Azken zatira ia aldi berean ailegatu ziren, eta finala azken segundoetan jokatu zen.
Lehen mailakoak. Bestalde, Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusiaren finalean Iker Vicente nafarrak jantzi zuen txapela. Otxagabiakoa da atzoko finalean parte hartu zuen aizkolaririk gazteena.
Vicente, Mikel Larrañaga, Eneko Otaño, Julen Alberdi, Aitzol Atutxa eta Jon Irazu aizkolariak aritu ziren zein baino zein gehiago. Borroka estua eduki zuten Vicentek eta Larrañagak.
Txanda bakarrean jokatuta, sei finalistek hamabi enbor moztu behar izan zituzten (lau 54 hazbeteko diametrokoak, lau 60ko diametrokoak eta lau 72ko diametrokoak. Nahikoa berdinduta egin zuten aurrera, eta Vicentek eta Larrañagak ia batera bukatu zuten oinbikoen azkena. 30 minutuetan, Vicentek aurrea hartu zuen, Larrañaga segundo gutxira zihoala. Vicente izan zen lehena azken kanaerdira iristen, eta azken zati horretan aldea handitu zuen. 38:48 minututan osatu zituen lanak, eta Larrañaga minutu bat eta 59 segundora geratu zen.
Txapeldunak adierazi zuen “esfortzu fisiko handia” eskatu ziola finalak, bera eta Larrañaga ia bukaerara arte berdinduta joan zirelako, baina hitzorduaren garrantziagatik gozatu egin zuela azpimarratu zuen.