Lopezek esan du "disgustuagaz eta oso minduta" daudela, erabakia egun batetik bestera jakinarazi dietelako; aurretik "ezelako abisurik" ez dutela eduki esan dute. Azken jardunaldietan ondo lehiatu dutela eta taldea aurrera zioala ikusten zutela adierazi du entrenatzaile ondarrutarrak.
Hirugarren mailara bueltatu den honetan, liga hasieratik partidurik ez du irabazi talde ondarrutarrak: lau partidu galdu ditu eta lau berdindu. Atzo bana berdindu zuen Santutxuren kontra. 4. multzoko azken postuan dago, 4 punturekin.
Atzora arte entrenatzaile izandakoek ez dute ondo hartu albistea, eta erabakia emateko modua ez zaie egokia iruditu. Lopezek esan du “disgustu handiagaz eta oso minduta” daudela, erabakia egun batetik bestera jakinarazi dietelako, eta aurretik “ezelako abisurik” ez dutelako eduki. “Ez dugu aurretik abisurik eduki, ultimatunik edo halako ezer. Hasieratik jokalari guztiak jokatzeko moduan eduki bagenitu, ulertuko nuen, baina ze egoeratan egon garen ikusita, ez dut ulertzen. Nire errua ez da izan jokalaririk ez edukitzea, eta orain errekuperatu direnean, ondo lehiatu gara. Formak nahikoa eskasak izan dira”.
Atzo Santutxuko partidutik bueltatu eta segituan batu ziren zuzendaritzako bi kiderekin: “Santutxun oso partidu serioa egin eta gero autobusetik jaistean esan ziguten erabakia. Pixka bat harrituta geratu ginen, eta ea beste aukerarik ez zegoen galdetu genien, baina erabakia hartuta zegoela esan ziguten. Disgustua daukagu, herrikoak eta bazkideak izanda, ez zitzaigun iritzi modu egokia”. Zale eta bazkide askorengandik babesa jaso dutela azaldu du Lopezek, eta erabakia bat-batean etorri zaiela, jokalariek ere ez zutela espero. “Dei asko jaso ditugu bigarren entrenatzaileak eta biok, ez dutelako ulertzen. Bazkide askok esan digute harrituta daudela, eta ez genuela merezi halako amaiera”.
Min hartutakoak errekuperatzen hasita egonda, azken jardunaldietan ondo lehiatu dutela eta taldea aurrera zihoala ikusten zutela adierazi du ondarrutarrak: “Atzo 0-1 irabazten joan ginen, penalti bat huts egin genuen, eta hurrengo jokaldian hamarregaz geratu ginen, eta hala ere, lehiatu egin genuen. Aspaldiko partidurik osoena egin genuen. Jende asko errekuperatu dugu; orain arte oso baldintzatuta egon gara. Atzo eta aurreko astean ondo lehiatu ditugu partiduak”.
Klubak gaur edo bihar jakinaraziko du aurrerantzean entrenatzailea nor izango den, eta batasunerako deia luzatu die bazkideei eta zaleei: “Zaldupeko ateak itxita egon behar duten une gogor hauetan, Aurrera Kirol Elkarteak batasuna eta elkartasuna eskatzen die klubaren sostengu diren bazkideei eta aurrerazaleei. Guztiok batera arraun egiten badugu, ziur nagusien trainerua helmugara iritsiko dela: Hirugarren Mailari eustea mendeurrenaren urtean”.