Fede Badiola: "Guk espero duguna da jendea barre algaraka jartzea"
Barre Algaraka bakarrizketa saioa eskainiko dute bost aktore ondarrutarrek abenduaren 20an eta 21ean Ondarroako Bide Onera zinema aretoan. Fede Badiola arduratu da saioa zuzentzeaz.
Ondoko aktoreek eskainiko dute saioa: Ainhoa Etxebarria, Aurori Badiola (Iñaki Maruri), Fede Badiola, Ferlan (Aitor Artetxe) eta Nerea Gartzia. Josu Eizagirre, Asier Ituarte eta Jabi Ituartek ere kolaboratuko dute saioan. Saioa zer nolakoa izango den azaldu du Badiolak.
Nondik sortu da Barre Algaraka bakarrizketa saioa egiteko ideia?
Aste Santuetan herriko hainbat aktorek bakarrizketak eskaini genituen sare sozialen bidez. Udalak aurrerago zerbait egingo zuela esan zigun, eta Gabonetako bakarrizketa saioa egitea proposatu ziguten.
Aste Santuetan Internetez eskaini zenituzten bakarrizketak. Orain, ostera, aurrez aurre izango dituzue ikusleak.
Guretzako, egia esan, beste gauza bat izango da. Jendea aurrean edukitzea edo telefonoko pantaila baten aurrean bakarrizketa egitea guztiz desberdina izango da; ez dauka zerikusirik.
Bakarrizketa saiorako sarrerak ordu gutxian agortu ziren.
Pare bat orduan 400 bat sarrera agortu ziren; oso pozik gaude. Jendeak oso ondo erantzun du, eta ondo pasatzeko, barre egiteko eta egunerokotik ihes egiteko gogoa duela argi utzi du. Gure aldetik, sarrera guztiak agortu direla ikusita, saio gehiago eskaintzeko gogoagaz geratu gara. Etorkizunean ere udalak antzerako saioak antolatzeko bidea ematea espero dugu.
Udalak iragarri duenez, saioa Youtube bidez emango du abenduaren 25ean.
Ondo iruditzen zaigu. Jende asko Barre Algaraka ikuskizuna ikusi barik geratu denez, otsaila aldean errepikatzeko asmoa dugu. Beikozinikoekin harremanetan jarrita gaude, baina horretarako diru laguntzen bila ari gara.
Bakarrizketa saioa eskainiko duzuen bostok ondarrutarrak zarete. Herrian bertan saioa eskaintzea zelakoa da?
Saioa norbere herrian eskaintzeak bestelako balio erantsia du. Herriko saioa beti oso garrantzitsua izaten da. Senideak, lagunak… etortzen dira holako saioetara, eta guretzako ere bereziak izaten dira. Publiko artean egongo direnak denak ezagunak izateak betiere gehiago tiratzen du.
Askorik aurreratu ezin bada ere, zelako bakarrizketak izango dira?
Aktore bakoitzak berak idatzi duen bakarrizketa taularatuko du. Zer gairi buruzkoak izango diren aurreratu ezin bada ere, denak umorezkoak izango direla esan dezaket. Horrez gain, ezustekoren bat edo beste ere egongo da. Egia esan, guk espero duguna da jendea barre algaraka jartzea eta ordubeteko saioaren ostean irribarreagaz irtetzea ahoan. Helburua ondo pasatzea da eta jendearengan efektu hori lortzen badugu pozez zoratzen amaituko dugu.
Zuzendari modura bakarrizketa saio bat koordinatuko duzun lehen aldia da?
Nire lana ikuskizunaren gorabehera guztiak koordinatzea izan da. Hau da, ordubeteko ikuskizuna borobiltzea izan da.