Goixarri eta Txasio nagusitu dira udazkeneko txapelketan
Bi finalerdiak modura, finala ere oso estua izan zen. Intentsitate handiko jokoa ikusi zen Jai Alai frontoian. Garaipen garrantzitsua eta ilusioz betetakoa izan da Mutrikuko puntistarentzat
Dania Jai Alaiko denboraldiko azken txapelketan nagusitu da Ekaitz Mendizabal Goixarri mutrikuarra, Txasioagaz batera. Fall Challenge torneoaren finalean 15-13 nagusitu zitzaizkien Ithurria eta Yeche zuberotarrei.
Bi finalerdiak modura, finala ere oso estua izan zen. Intentsitate handiko jokoa ikusi zen Jai Alai frontoian. 5-8 aurreratu ziren Zuberoako puntistak, baina Goixarrik eta Txasiok zortzina berdintzea lortu zuten. Jarraian, azulek berriro ere abantaila hartzea lortu zuten: 9-12. Goixarri eta Txasio ez zeuden amore emateko asmoz, eta lau tanto jarraian eginda, aurretik jarri ziren (13-12). Ithurriak eta Yechek berdinketa lortu zuten, baina, mutrikuar aurrelariak errebeseko errebote bikainagaz tantoa egin zuen; Yeche hormara salto eginda ahalegindu zen, baina ez zen heldu. Azken tantoa aurrekoaren oso antzekoa izan zen. Piloteoaren ostean, zortzian pilota hartu zuen Goixarrik, eta errebesez erreboteatu zuen.
Garaipen garrantzitsua eta ilusioz betetakoa izan da Mutrikuko puntistarentzat. 21 urteko gazteak duela bi denboraldi bakarrik debutatatu zuen profesionaletan Floridan. Txasio beteranoarentzat ere garaipen berezia da; txapelketa oso ona egin du atzelari zarauztarrak. Finalera iristeko, Zulaika-Elgezabal eta Erik-Ladutxe bikoteak kanporatu zituzten. Azken horiek hirugarren geratu dira Fall Challengeko edizio honetan. Forondari eta Lekerikari 15-10 irabazi zieten hirugarren postua lortzeko partidan.
Bestalde, Kevin Ithurria Maule-Lextarreko aurrelariak txapelketa on batekin amaitu du bere etapa profesionala Floridan, baina Nicolas Eyheragaray “Yeche” bere lagun eta herrikidearekin batera ezin izan du garaipenagaz agur esan.