Lekeitio da gune berdera pasatu den eskualdeko lehen herria
Azken hiru egunetan [abenduak 11-12-13] egindako probetan lau positibo berri erregistratu dituzte Lea-Artibai eta Mutrikun: 2 Ondarroan eta bana Lekeition eta Markina-Xemeinen. Mutriku gune horira pasatu da. Joan den aste osoan 15 kasu erregistratu zituzten Lea-Artibai eta Mutrikun.
Azken hiru egunetan ere intzidentzia tasak behera egiten jarraitu du Lea-Artibai eta Mutriku osoan. Hala, Lekeitio gune horian egotetik gune berdean egotera pasatu da intzidentzia tasa 60tik behera duelako (55,20ko tasa dauka). Eskualde mailan, 5.000 biztanle baino gehiago duten herrietan artean gune berdera pasatzen den lehendabiziko herria da. Gune berdeak transmisiorik gabeko eremua dela adierazten du.
Bestalde, barikuan [abenduak 11] Mutriku gune laranjan zegoen, eta gaur [abenduak 14], gune horian dago intzidentzia tasa 300etik beherakoa delako; 299,96ko tasa dauka. Ondarroak ere gune horian egoten jarraitzen du, 256,11ko tasarekin. Eta nahiz eta Jaurlaritzaren txostenak Markina-Xemein 5.000 biztanle baino gutxiagoko herri bezala hartu eta semaforo sisteman ez sartu, izatez 5.000 baino gehiago ditu eta semaforo sisteman gune horian egongo litzateke; 80,58ko tasa dauka.
Gaur [abenduak 14] baita ere, Jaurlaritzak 5.000 biztanletik gora duten eta gune gorrian dauden herrien zerrenda ere argitaratu du; horietan ostalaritza establezimenduak itxita egon behar dute: Arrigorriaga (521,80), Ermua (517,49), Arrasate (1.110,71), Azpeitia (571,24), Beasain (544,06) eta Ordizia (742,23).
Joan den aste osoan, Lea-Artibai eta Mutrikun 15 kasu erregistratu zituzten: 7 Mutrikun, 4 Ondarroan, 2 Berriatuan eta bana Lekeition eta Markina-Xemeinen.