Maialen Aldazabal berriatuarrak eta Mikel Manzisidor mutrikuarrak Espainiako Kopa irabazi dute
23 urtez azpikoetan Merino eta Aldazabal nagusitu dira emakumezkoetan, eta Agirre eta Manzi gizonezkoetan. Elite mailan txapeldunorde geratu da Aldazabal berriatuarra.
Emakumezkoen eta gizonezkoen 23 urtez azpikoen eta gizonezkoen lite kategorietako Espainiako Kopa jokatu zuten zapatuan Nafarroako Noain herrian.
Emakumezkoen 23 urtez azpikoen partiduan, Maialen Aldazabal berriatuarra eta Naroa Merino tolosarra nagusitu zitzaizkien Eneritz Lizardi mutrikuarrari eta Ihar Arakistain Berriatuko Zesta Eskolako sopeloztarrari. Lehen set-a Merino eta Aldazabalentzat izan zen (15-13), eta bigarrenean, horiek 11 tantotan utzi zituzten Lizardik eta Arakistainek. Kopa erabakitzeko set-ean lehia estua eduki zuten, eta 10-9 amaitu zuten.
Maila bereko gizonezkoetan nagusitasunez aritu ziren Mikel Manzisidor mutrikuarra eta Eduardo Agirre zumaiarra. Danel Mandiola markina-xemeindarrari eta Aaron Gonzalez Matauco gasteiztarrari 15-10 irabazi zizkieten bi set-ak.
Elite mailan gizonezkoen partidua lehiatu zuten Beaskoetxea-Aldazabal eta Hormaetxea-Urtasun bikoteek. Alex Hormaetxea bermeotarraren eta Manex Urtasun irundarrarentzat izan zen kopa. Horiek 13-15 irabazi zuten lehen set-a, eta bigarrena, ostera, 15-6 irabazi zuten Aimar Aldazabal berriatuarrak eta Diego Beaskoetxea gernikarrak. Berdinketa hausteko set-a puntu bakarreko aldeagaz erabaki zen (9-10).