Salvador Illa: "Espainian urtarrilaren 4an edo 5ean hasiko da txertaketa"
Espainiako Osasun ministroak esan du autonomia erkidego guztientzako egongo direla nahikoa txerto. "Soberan egongo dira". Abuztua bukaerarako ia-ia biztanleria osoa immunizatuta egotea aurreikusi dute.
Espainiako Osasun ministroak esan du txertoak progresiboki heltzen joango direla Espainiara, eta urtarrilaren 4an edo 5ean txertaketarekin hasi ahalko dela. “Guztira, Espainiak 140 milioi dosi edukiko ditu. Autonomia erkidego guztientzako egongo dira; soberan egongo dira”. Gaineratu du Espainiak txertaketa burutzeko eta biztanleria osoa berme guztiekin immunizatzeko azpiegiturak prest dituela.
Illak dio uste duela Europako Medikamentu Agentziak abenduaren 29rako Pfizer laborategiaren txertoa onartuko duela; gaur gaurkoz txerto hori Erresuma Batuan ari dira erabiltzen. “Beraz, data horiek betez gero, txertaketekin urtarrileko lehen astean hasi gintezke”.
Azpimarratu du sektoreka joango direla txertaketak egiten: lehendabizi langile soziosanitarioen artean egingo dute, eta ostean egoitzetako egoiliarren eta ezintasunen bat dutenen artean. “Gure asmoa da Europako Batasunak ezarritako Plana jarraitzea”. Hain zuzen, Plan horretan dago jasota Espainiak 140 milioi dosi jasotzea.
Osasun ministroaren aurreikuspena da maiatza-ekainerako 20 milioi pertsona txertoa jasota egotea. “Abuztuaren amaierarako ia-ia biztanleria osoa egongo da immunizatuta”.