Eskuragarri dago 'Ondarroa inguruko ipuinak' ipuin tradizionalen bilduma
Ondarroa eta inguruko herrietako 20 ipuinez osatutako bilduma Zurrumurrun, Idiakezen, Kuriken eta Goxon eskuratu ahal izango da. Liburutik lortutako irabaziak dohaintzan emango dituzte.
Ondarroa inguruko ipuinak kontakizun tradizionalen bilduma aurkeztu dute Javier Arrieta Idiakez, Antxon Uskola Urruzuno eta Kaiet Bengoetxea Urkiza ondarrutarrek. Ondarroa eta inguruko herrietako 20 ipuin jaso dituzte 60 orrialdetan. Publiko orokorrari zuzendutako proiektua dela azpimarratu dute. “Ondarroako kontuez gain, Mutriku, Aulesti, Markina-Xemein, Berriatua eta inguruko beste kontakizun batzuk ere jaso ditugu. Zaindu behar den herri ondarearen zati bat ere badira honek kontakizunok. Helburua garai bateko istorio horiek ez galtzea eta mantetzea da, eta, bidez batez, jendeari aztertzeko aukera ematea”.
Ia urte bi eman dituzte bilduma ontzen. Ahozko testigantzak eta aurretik idatzita zeuden testuak batu, egokitu, atondu eta gaurkotzeaz Arrieta arduratu da; berea izan da, hain zuzen, proiektuaren ideia. “Han-hemenka topa ditugun ipuinen izatea mantendu bada ere, gauza batzuk aldatu egin ditugu. Asko bizkaieraz jaso ditugu, eta horiek gaur egungo euskara batura ekarri ditugu, esaterako”.
Bengoetxea eta Uskola, ostera, liburua irudiz janzten arduratu dira. Marrazkiak beren beregi sortu dituzte proiekturako; ipuina irakurri eta istorioak aditzera eman diena irudiz lagundu dute. “Buruan neukan ideia Antxoneaz eta Kaietegaz elkarbanatu nuen. Irudi batzuk egiteko eskatu nien, eta ideia berehala onartu zuten. Oreka bati eusteko asmoagaz, bakoitzari hamarna ipuin irudikatzeko eskatu nion. Eurak testuak irakurri ahala eurei burura etortzen zitzaiena askatasun guztiagaz irudi bihurtu dute”.
Gaur [abenduak 15] arratsaldean jarriko dute autoekoiztutako argitalpena salgai; Zurrumurrun, Idiakezen, Kuriken eta Goxon 14 euroren truke eskuratu ahal izango da. Jakinarazi dutenez, ekoizpen gastuei aurre egin ondoren liburutik lortutako irabaziak dohaintzan emango dituzte. “Ondarroako misiolariek Afrikako iparraldean eta Filipinetan hasitako proiektuak laguntzera bideratuko ditugu irabaziak. Besteak beste, kaleko umeei eskolatzeko aukera eramateko eta emakumeei kooperatibak sortzeko ahalduntzen laguntzeko proiektuak dituzte martxan, eta ahal dena, hara bideratuko dugu”.