Etxelilan igogailua eraikitzen hasiko dira
Igogailua ipintzeko lehen faseko lanekin hasiko dira egunotan. 30.000 euro inbertitu ditu udalak Etxelilako iriste erraztasuna hobetzeko.
Etxelilako iriste erraztasuna hobetu asmoz, igogailu bat jarriko du Ondarroako Udalak. Lanen lehen faseko zereginak egunotan hasiko direla iragarri dute. Igogailua erakinaren sarreran kokatuko dutela azaldu du Irina Alkorta Bedialauneta Berdintasun zinegotziak, eta geldiune bakarra edukiko du, Etxelilako bulegoaren aurreran. “Egungo sarrerak bi ate dauzka, eta erabiltzen ez den espazio hutsa dago hor. Sarrera moldatuko da, eta beheko solairuko espazio zabalean eraikiko da igogailua, sarreraren parean”.
Proiektuak duen garrantzia ere azpimarratu du Alkortak. “Agintaldiko erronketako bat da herriko emakumeen topalekua eta babeslekua dena irisgarria izatea. Egunero zer nolako mugimendua egoten den kontuan hartuta oso garrantzitsua da eraikin irisgarria izatea”.
Lanak egiteko 30.000 euro inbertituko ditu udalak. Hirigintza saileko iturriek zehaztu dutenez, lanak bi fasetan egingo dituzte. Lehenengo fasean, egitura bera eraikiko dute, hau da, igogailua jarri behar den espazioa sortuko dute. Uda ailegatu orduko martxan ipiniko duten bigarren fasean, ostera, igogailuaren makineria sartuko dute lehen fasean eraikitako egituran.