Urtarrilean 20.000 txerto iritsiko dira Arabara, Bizkaira eta Gipuzkoara
Europako Botiken Agentziak hilaren 21ean eman diezaioke onespena lehen txertoari.
COVID-19aren kontrako txertoari buruz galdetu diote gaur [abenduak 15] Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileari gobernu kontseiluaren osteko agerraldian, eta hark esan du urtarrilean 20.000 txerto inguru iritsiko direla Arabara, Bizkaira eta Gipuzkoara. Dena dela, Zupiriak argitu du Eusko Jaurlaritzak ezin duela oraindik zehaztu txertaketa plana, EMA Europako Botiken Agentziak ez duelako txertorik onetsi, eta ez dakielako zehatz-mehatz zenbat dosi banatuko diren. Osakidetzak txertaketa plan bat prestatuta dauka txertoak iristen direnerako, bozeramaileak azaldu duenez.
Hain justu, Europako Botiken Agentziak «ezohiko bilera» egingo du hilaren 21ean Pfizer eta BioNtech botika etxeen txertoaren ebaluazioa egiteko; hasieran aurreikusi baino zortzi egun lehenago egingo du bilera hori, beraz. Hala ere, EMAk jakinarazi du hilaren 21ean erabakirik hartuko ez balu abenduaren 29an bilduko dela berriro. Europako Botiken Agentziak onespena eman ostean, Europako Batzordeak beste hiru egun beharko lituzke txertoak merkaturatzeko baimena emateko, eta horrek esan nahi du, ondo bidean, abenduaren 24tik aurrera has litekeela txertoaren banaketa Europako Batasuneko estatu kide guztien artean. Txertoa aldi berean iritsiko da estatu kide guztietara, eta herrialde bakoitzaren biztanleriaren arabera banatuko dira dosi kopuruak.