Abendurock jaialdiko azken kontzertuetara joatera gonbidatu dituzte zaleak
Gaztetxean egingo diren kontzertuetarako sarrera denak agortu badira ere, zapatuan eta domekan kiroldegian egingo diren zuzenekoetarako sarrerak salgai daudela ohartarazi dute antolatzaileek.
Mutrikuko Abendurock jaialdia hasi da bidea egiten. Aurreko domekan [abenduak 13] eman zioten hasiera El Drogas dokumentalaren proiekzioaren. Aurreikuspenak beteta, lehen ekintzak erantzun oso ona eduki zuela azpimarratu dute Mutrikuko Rock Kolektiboko kideek. Hurrengo egunetara begira, berriz, hainbat kontzertu daude antolatuta. Eguenean [abenduak 17] eta barikuan [abenduak 18] Amorante eta Deñe bakarlarien kontzertuetarako ez da sarrerarik geratzen, baina jaialdia itxiko duten kontzertuetarako lekua badagoela gogorarazi dute antolatzaileek.
MRK-ko kideek azpimarratu dutenez, aurten bestelako eskaintza egin nahi izan dute. “Talde ez hain ezagunen eta hasi berrien aldeko apustua egin dugu, horiei aukera emateko nahiarekin. Maila handiko taldeak etorriko dira gurera. Hori dela eta, jendea kontzertuetara etortzera animatu nahi dugu”. Sarrerak Mutrikuko Udalaren webgunean eros daitezke 5 euroren truke.Sarreretatik jasotako dirua kultura hauspotzeko erababiliko dutela iragarri dute antolatzaileek.
Zapatuan [abenduak 19] esaterako, 18:00etatik aurrera, Ro eta Petti & Etxeko Uzta igoko dira Mutrikuko kiroldegiko kantxan ipiniko duten oholtzara. Azpeitia eta Azkoitiako Ro boskotea ekainean kaleratu zuen Athalase lana taularatzera etorriko da Mutrikura; rock instrumentala eta post-rock estiloak uztartzen ditu taldeak. Petti musikari beratarra, berriz, Etxeko Uzta deritzon proiektuaren barruan, bere herriko musikaririk onenekin inguratuta igoko da taulagainera. Beratarrek blues, rock eta folk estiloak uztartzen dituzten azken diskoko kantuak aurkeztuko dituzte.
Domekan [abenduak 20], bestalde, Raitx eta Orbel taldeen txanda izango da; 18:00etan hasiko da zuzenekoa. Raitx bakarlari donostiarrak apirilaren kaleratutako debut lana aurkezteko du. Ahotsari eta hitzei garrantzi handia ematen dien kanta intimistak taularatuko ditu Rakel Arenazak. Baionako Orbel taldeko lau kideak, aldiz, iaz urte amaieran aurkeztutako Hegan laneko post-rock estiloko doinuekin kiroldegian batuko diren ikusleak “gozaraztera” etorriko dira.
Sarreren zozketa. HITZAk zapatuko eta domekako kontzertuetara joateko lau sarrera bikoitz zozkatuko ditu harpidunen artean, egun bakoitzerako bina sarrera bikoitz. Zozketan izena emateko aukera bihar [abenduak 17] arratsaldera arte zabalik dago. Parte hartzeko HITZAren webguneko zozketen atalean sartu edo 94-684 44 36 telefono zenbakira deitu beharko da 16:00ak baino lehen. Zozketaren irabazleak barikuko [abenduak 18] egunkarian argitaratuko dira.