Gizaburuagak Lea-Artibai Amankomunazgotik irtetea erabaki du
Erabakia bikoiztasunak saihesteko eta udal kutxako gastuak murrizteko hartu dutela dela esan du Amaia Zabala alkateak.
Arrazoi ekonomikoak tarteko, Lea-Artibai Amankomunazgoa uztea erabaki du Gizaburuagako udalak. Hala, 2021a hasi orduko bazkide bat gutxiago egongo da erakundean. Amaia Zabala alkateak zehaztu duenez, Lea Ibarra Mankomunazgoaren eskutik antzeko zerbitzuak jasotzen dituzte, eta hortaz, bakar batean mantentzea erabaki dute. “Amankomunazgoak hondakinen eta etxez etxeko gizarte zerbitzuak ematen dizkigu, baina, gaur egun, zerbitzu horiek Lea Ibarratik ere eskaintzen dizkigutenez, ez du zentzu handirik zerbitzu bera eskaintzen diguten bi erankunderen barruan egotea”.
Gaineratu duenez, eskualdeko bi mankomunitateko bat uzteko erabakia ez da erabaki politikoa izan, ekonomikoa baizik. Erabakiaren helburua bikoiztasunak saihestea eta, aldi berean, udal kutxako gastuak murriztea dela esan du Zabalak. “Ez da diru asko, 15.000 euro inguru izango dira urtean, baina gu moduko herri txiki batean kopuru hori igarri egiten da. Egia esan, administrazio gastuetara diru asko bideratzen dela konturatu gara”.
Amankomunazgoko bazkideek aurreko barikuan [abenduak 11] egin zuten osoko bilkura, eta Gizaburuagak erakundetik irteteko erabakiari oniritzia eman zioten. “Amankomunazgoak gure kasua aztertu du eta irteteko ez digu inolako trabarik ipini. Ontzat eman dute gure erabakia”.