Sare Mutrikuk aurkezpen ekitaldia egingo du zapatuan
Zapatuan, 13:30ean, Zabiel plazan egingo dute aurkezpena. Aurrera begirako asmoen eta antolatu duten erronkaren xehetasunen berri ere emango dute ekitaldian.
Preso eta iheslarien eskubideen aldeko herritarren talde sustatzailea urrian hasi zen martxan. “Lehenengo pausoa hitzaldi bat ematea izatea zen eta hurrengokoa, ostera, udalbatzan mozioa sartzea izan zen. Azaroko bilkuran gaia alderdi desberdinek landu zuten, eta aho batez onartu zuten udalbatzan. Hurrengo pausoa taldearen dinamika herritarrei aurkeztea da”. Ekitaldia zapatuan [abenduak 9] egingo dute. 13:30ean Zabiel plazan batzeko deia egin dute. Euria eginez gero, Zabiel kultur etxean egingo dute aurkezpena.
Giza eskubideen alde indarrak batu eta sare bat sortzeko nahiarekin deialdi zabala eta anitza egin dutela azpimarratu dute; herrian arlo desberdinetan lanean ari diren sentsibilitate ezberdinetako herritarrak batu nahi dituzte ektialdian. Besteak beste, herriko hezkuntza, kirol, kultur taldeetako kideei luzatu diete gonbidapena, baina baita herriko dendari, tabernari eta herrigintzan ari diren norbanakoei ere. “Mutrikun ere sare ireki eta anitza osatzea da helburua. Gaiarekin kontzientzia eta sentsibilizazioa erakutsi dezaketenak gonbidatu ditugu ekitaldira”.
Bertaratuei Sare zer den eta zein helburu dituen azalduko diete. Ekitaldia, gainera, Izan Bidea dinamikaren barruan aurrera begira egin nahi dituzten erronkei eta ekimenei buruzko xehetasunak emateko aprobetxatuko dute. Alde batetik, urtarrilaren 9ko mobilizazioetan parte hartzeko deialdia egingo dute eta, bestetik, 2021erako proposatu duten erronka ere aurkeztuko dute.