Bateragune auziaren kontrako elkarretaratzeak egingo dira Lea-Artibain ere
Ondoko herrietan egingo dira elkarretaratzeak zapatuan [abenduak 19], 12:00etan. Besteren artean, Markina-Xemeingo Arkupe aurrean, Ondarroako Itsasaurre plazan, Aulestiko plazan, Lekeitioko Eskolapean, Etxebarriko Plaza Barrin eta Mutrikuko Beheko Plazan mobilizatuko dira herritarrak.
Bateragune auzia dela eta, alderdi politikoek, euskal gehiengo sindikalak eta eragile sozialek elkarretaratzeak deitu dituzte zapatuan [abenduak 19], 12:00etan, herri guztietan.
Demokrazia lelopean kalera irtetea erabaki dute Espainiako Auzitegi Gorenari erantzun irmo bat emateko. Izan ere, Bateragune auzia delakoagatik zigortutakoak berriro epaitzeko hartutako erabakiak kezka handia eragin du, eta “oinarrizko eskubide demokratikoen aurkako erasoa dela” adierazi dute.
Oraingoz, ELA, LAB, Steilas, ESK eta CCOO-Euskadi sindikatuek, EH Bildu, Podemos Euskadi, Ezker Anitza IU eta Izquierda Unida Nafarroako alderdi politikoek (NEB) eta beste eragile batzuek (Gure Esku , Emakumeon Mundu Martxa, Bilgune Feminista, Sare eta Etxerat) sinatu dute deialdia.
Lea-Artibai eta Mutrikun ere elkarretaratzeak deitu dira (12:00etan): Markina-Xemeingo Arkupe aurrean, Ondarroako Itsasaurre plazan, Aulestiko plazan, Mutrikuko Beheko Plazan, Etxebarriko Plaza Barrin eta Lekeitioko Eskolapean, beste beste.
Arrazoiak. Gorenak joan den astelehenean [abenduak 14] jakinarazi zuen Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Sonia Jacinto, Miren Zabaleta eta Arkaitz Rodriguez berriro epaituko dituztela Espainiako Auzitegi Nazionalean. Guztiek dituzte beteta auzitegi horrek ezarri eta 2012an Gorenak berretsitako zigorrak.
Epaiketa errepikatzea “ezinbestekoa” dela dio gaur [abenduak 17] Espainiako Auzitegi Goreneko bigarren aretoak kaleratutako autoak. Auzitegi Nazionalean egindako epaiketa «inpartziala» izan zela ebatzi zuen Giza Eskubideen Europako Auzitegiak, lehen sententzia «indargabetuta» gelditu zela, eta, ondorioz, epaiketa berri bat egin behar dela diote epaileek autoan. “Bestela, ez legoke baliozko ebazpenik gertakarien existentziari buruz, akusatuek horietan parte hartzeari buruz eta delitu-izaerari buruz, eta hori defentsen eta akusazioen eskubidea da”.
Akusatuak gertaera batzuen egile gisa zigortu zituztela eta zigorra bete dutela gaineratu du; “zuzenbide estatua ezin da geldirik egon, azken justifikazioa ezagutzen ez den askatasun-gabetze baten aurrean”. Bestalde, akusazioak ez dira bertan behera geratu, eta akusazioei eusten dietenek eskubidea dutela dio “behar bezala formulatutako ebazpen arrazoitua izateko”.