Markina-Xemeingo Zapolazpitik iraganera begira
Panel panoramiko bat jarri dute Markina-Xemeingo bigarren guda lerroko Memoriaren Ibilbidean. 36ko gerraren bilakaerari buruzko argibideak ematen ditu.
Ikuspegi ederra daukan ingurunea izateagaz gainera, historiaz beteriko txokoa ere bada Markina-Xemeingo Zapola mendiaren ingurua. Hori dela eta, hantxe, Zapolazpiko bunkerraren aurrean kokatu du Ahaztuen Oroimena elkarteak Markinaldeko frontearen historiari buruzko argibideak ematen dituen mahai panoramikoa. 36ko gerran defentsako bigarren guda lerro bat eraiki zuten bertan errepublikarren aldekoek, eta bigarren lerro horren garrantzia eta bilakaera azaltzen dute panel horretan Zapolazpira doazen guztiek inguruaren historia ezagutu ahal izateko.
Panelean ikus daiteke bai eta ere, kokapen horretatik ikusten dena. Hau da, lehen guda lerroak non zeuden zehaztu dute, aurreko mendien irudi bategaz lagunduta. Izan ere, Zapolazpitik lehen guda lerroa kokatu zen ingurune guztia dago begien bistan, bai matxinatuen lerroa zein euskal milizien lerroa ere.
Panelean argitzen dutenez, Markinaldeko fronteko defentsarako bigarren lerroa lehen guda lerroetatik hurrean eraikitako sendoena izateagaz gain, porlanezko eraikin lerrokatuekin egindako bakarra izan zen. Paneleko irudian ikusten den modura, lehen lerroko posiziorik onenak matxinoen eskuetan zeuden. Beraz, hori izan daitekeela uste dute bigarren defentsa lerroko lanak egitearen arrazoia.
Beste datu bitxi bat ere jaso dute panelean. Eusko Jaurlaritzaren Fortifikazio Saileko agirietan agertzen denez, Urkotik Itoinomendira 27 bunker eraiki behar ziren. Ahaztuen Oroimenekoek ez dakite denak eraiki ziren ala ez, baina 23 kokatu dituzte. Zehaztu dutenez, batzuk egoera oso onean daude, beste batzuk, ostera, lehertu egin zituzten gerra ostean bunkerren egituraren burdina hartzeko, eta gutxi batzuk desagertuta daude baina jaso dituzten lekukotasunen arabera, bere sasoian egon egin zirela ziurtatu dezakete.
Nomina. Ahaztuen Oroimenekoek ikertutakoaren arabera, bigarren defentsa lerroan dauden ametralladora kabiak, bunkerrak, errepideak… bertako inguruetako bizilagunek eta Gipuzkoatik eta Ondarroatik etorritako errefuxatuek egindakoak dira. Hori horrela dela erakusten duten dokumentazioa eta nominak lortu dituzte, eta horietako bat ere gaineratu dute panelean, beharrean jardun zutenen zerrenda luzea izen-abizenekin.
Zapolazpiko posizioa 2018ko irailean aurkitu zuten, testigantzei esker eta garrantzi handiko altxor bat dela nabarmendu dute. Hori dela eta, «babestu, zabaldu eta jakinarazi beharreko ondarea delakoan» bihurtu nahi izan dute memoria leku.
Panel gehiago. Zapolazpia Ahaztuen oroimena elkarteak Artibai Mendigoizale taldearen laguntzagaz eta udalaren babesagaz prestatu duten Memoriaren Ibilbideko eremu bat da. Bertan jarri duten panelagaz gainera, beste bi jarriko dituzte ibilbide horren baitan. Bata Markina-Xemeinen bertan jarriko dute, ibilbidearen hasieran, mapa eta guzti. Elkartekoek aurreratu dutenez, mendi ikuspegia izango duen panela izango da. Markina-Xemeindik irtenda ibilbide osoa nondik nora doan zehaztuko du, marka eta guzti. Aldaketarik ez balego, Atxondo kiroldegiaren zubian jartzea dute asmoa.
Eta, hirugarrena, Iturritxu baserria igarota, Zapolako bunkerrean, trintxera luze bat dagoen lekuan jarriko dute. Momentu honetan diseinatzen ari dira hirugarren hori.
Ibilbidea egiteak saria dauka. MX-2 Markina-Xemeingo bigarren guda lerroko memoria ibilbidea eta MX-1 ibilbidea ezagutzera emateko zozketa berezia antolatu dute Leaktibaik eta Herribixik. MX-1 eta MX-2 ibilbideetan zehar lagunekin, familian edo bakarrik argazkia atera eta ·#leaktibai eta #herribixi traolak erabilita argazkia sare sozialetara igotzen dutenek zozketa batean parte hartuko dute. Zozketa abenduaren 23an amaituko da. Hauek dira ibilbideak:
MX-1: Markina-Xemeingo osasun etxearen ondoko bidetik Iparragirrera igo eta aurrera jarraituta, Otalarra atzetik igaro behar da. Eskumara hartu eta Markina-Xemeingo sarrerarantz doa bidea. Berdez eta zuriz markatutako bidexka jarraitu behar da.
MX-2: Kiroldegiaren ondoko saihesbide azpiko igarobidetik igaro eta Ugarte dorretxearen albotik gora joan behar da. Kanterako goiko semaforoan Santa Eufemiako bidea hartu eta Igotz baserri ondotik jarraitu Itxurritxu baserriraino, ondoren ezkerretara sartu eta 50 metrora Zapolako defentsa gunera egindako bidetik jarraitu. Bunkerrera sartzen den lubakiaren ezkerraldetik gora Zapola gailurrera igo eta Fermineneko baserriaren ingurutik Zapolazpira jaitsi. Handik Txarakan zehar Meabe auzora jaitsi eta Bekoetxebarriko bidean zehar Usatorre eta Larruskain baserrietara joan industrialdea dagoen ingurura. Azkenik, erromesen bidea hartu behar da herriguneraino.