Simon Bolivarregaz Euskal Herria munduko mapan kokatzera deitu dute
Ziortza-Bolibarko Udalak Simon Bolivar ‘Askatzailea’ «gaurkotasun handiko pertsona» dela azpimarratu du haren heriotzaren 190. urteurrenaren harira egindako ekitaldian
Ziortza-Bolibarko Udalak Simon Bolivar Askatzailea-ren handitasuna eta garrantzia azpimarratzeko ekitaldia egin dute gaur [abenduak 17], Askatzailearen heriotzaren 190. urteurrenean. «Simon Bolivarregaz kokatu dezagun Euskal Herria munduko mapan», esan du Alberto Garro Ziortza-Bolibarko alkateak. Ekitaldian, gainera, Bolivarrek utzitako legatua oinarri hartuta Gorka Larrañaga irudi sortzaile azkoitiarrak Ziortza-Bolibarko Udalarentzako egindako koadro garaikidea bistaratu dute.
Bolivar duela 190 urte hil bazen ere, haren itzala gaur egunera arte ailegatzen dela gogorarazi du Garrok ekitaldiaren hasieran. «Lehenik eta behin Simon Bolivar pertsona askatzaile bezala miresten dugu; borrokalari nekaezina izan zen. Pertsonen eskubideen defentsan, gizarte zapalkuntzari aurre egin zion».
Denaren gainetik, Bolivar gaurkotasun handiko pertsona dela aldarrikatu du Garrok. «Berak egin zuen bezala, landu ditzagun berdintasunezko harremanak kultura ezberdinen artean. Indartu dezagun Euskal Herria eta Amerikaren arteko lotura. Ikusi eta ikasi dezagun eurengandik. Indartu dezagun gure komunitatea, toki txikitik abiatuz gauza handiak atera ahal dira eta. Ez ahaztu Bolivar handia herri txiki honetatik sortu zela. Munduak ikusi dezala Euskal Herria txiki hau zein handia den. Eta eginkizun horretan, udala buru-belarri ariko da, zuon guztion laguntzagaz. Gora Simon Bolivar eta gora munduko herri guztien askatasuna!».
Konpromisoak. Ekitaldian Bolivar zendu eta gaur egun Kolonbiako herri zaharrena den Santa Marta herriko alkateak (Virna Johnson) bidalitako bideoa ere proiektatu dute. «Gurea Askatzailearen azken herria izan zen. Guk hark utzitako bideari jarraipena emateko konpromiso irmoa daukagu».
Johnsonen atzetik, Carlos Caicedo Santa Martako alkate izan zen eta gaur egun Kolonbiako Magdalena departamentuko gobernatzailea denak bidalitako bideoa proiektatu dute. Hark ere, Askatzaileak egindakoa balioan jarri eta belaunaldiz belaunaldi gogoan edukitzeko eta bide horri jarraipena emateko konpromisoa agertu du.
Ondoren, Sustraietatik irudikatuz izenburua daukan koadroa bistaratu du Larrañagak, eta haren inguruko azalpenak eman ditu. Aurrerantzean, gainera, koadroa Simon Bolivar museoan egongo da ikusgai.
Horrez gain, ekitaldian parte hartu dutenei koadroaren grabatua eman diete opari gisa. «Gaur egun oso erraza izango litzateke koadroaren kopia bat egitea. Horregatik, nahiago izan dugu grabatu bat egin. Artelan txiki bat eramango duzue opari legez».
Ekitaldian parte hartu duten batzuk. Ziortza-Bolibarko eragile eta talde ezberdinetako ordezkariez gain, Lea-Artibaiko hainbat udaletako ordezkariek ere parte hartu dute ekitaldian, bai eta ere Venezuelako kontsulatuko eta Udalbiltzako ordezkariek, Jasone Agirre EH Bilduren legebiltzarkideak eta Asier Altuna Sorturen Nazioarteko Harremanetarako idazkariak. Hain zuzen, azken hori izan da koadroaren proiektua burutzeko Larrañaga eta Ziortza-Bolibarko Udala harremanetan jarri dituena.