Jaitturen azken lanean parte hartu dute Lekeitioko beste hiru musikarik
Jabi Amirola Jaittu Lekeitioko bizilagunak 'Daika' abestia eta horren bideoklipa argitaratu ditu. Azaldu duenez, 14 urtegaz hasi zen musika munduan lehen hastapenak egiten. Lekeitioko Estudiantinako musikaria ere bada Amirola.
Jabi Amirola Jaittu Lekeitioko bizilagunak Daika abestiaren bideoklipa estreinatu du, eta horretan parte hartu dute Lekeitioko beste hiru musikarik: Aritz Elordieta Toki, Unai Egia (Nabil) eta Jabi Patxon. Jaittuk azaldu duenez, abestia plataforma digital guztietan dago entzungai: Spotify, Amazon music, Deezer soundcloud…
Musika elektronikoa egiten du Jaittuk, eta zehatz esateko eguenean [abenduak 17] estreinatu zuen Daika abestiaren bideoklipa. Hiru musikari lekeitiarrez gain, lan berrian beste kolaboratzaile batuk ere eduki dituela zehaztu du Jaittuk: Hibai Deiedra, Maider Dascon (Iparraldeko Euskafrika dantza taldea), Luis Gomez (kazetaria), Endika/Adri (La posada del cuervo podcast), Alberto Sedano(Abao Opera Bilbao) eta Ekain Echanove (ETB2ko Tu al Norte y yo al sur saioko irabazlea). Azken hori, gainera, Lekeition bizi da gaur egun.
Musikariak azaldu duenez, 14 urtegaz hasi zen musika munduan lehen hastapenak egiten, bere lehengusu Enrike Solinis Azpiazu gitarra jotzaileagaz. “Lehiaketa baten bidez hasi nintzen gitarra jotzen. Gero gitarra elektrikoa jotzen ikasi nuen, eta 18 urtegaz talde baten ere aritu nintzen”. Zaletasunak bultzatuta, solfeo ikasketak ere egin zituen. “Gero, denbora falta zela eta, musika albo batera utzi nuen. Baina Bilbotik Lekeitiora etorri nintzen bizitzera, eta berriro musika munduan sartu nintzen. Zehatz esateko, musika elektronikoa egiten hasi nintzen”.
Lekeitiora bizitzera joan zenean, Estudiantinan sartu zen, eta han gitalelea jotzen duela dio. “Ziur Laters taldean ere gitarra jotzaile legez sartu nintzen. Eta nahiz eta aurtengo uztailean taldea utzi dudan, musika munduan nire bidea egiten jarraitzen dut”. Esan duenez, etxean egin eta grabatzen ditu abestiak.
Bere kabuz hasitako bide horretan, Udia izeneko abestia izan zen lehendabiziko lana. “Abesti horren bideoak 14.000 erreprodukzio eduki zituen Facebooken. Horregaz konturatu nintzen bazegoela jendea nire bideoak ikusten zituena, eta aurrera egitea erabaki nuen”.
Ondoren Bidaia abestia egin zuen, eta horren bideoa egiteko lagun argazkilari batek munduan zehar egindako bidaia batean ateratako argazkiak erabili zituen. “Bideo horrek 5.000 erreprodukzio eduki zituen. Beraz, nire bide horretan aurra egiten jarraitzen dut”.