Ondarroako Herri Busa beranduago hasiko da zerbitzua ematen
Ibaiondotik Artabiderako lehen bidaia kendu egin dute. 08:00etan hasiko da zerbitzua ematen; Artabidetik Ibaiondora egingo du lehen bidaia Herri Busak.
Ondarroako Herri Busaren zerbitzuak aldaketa bat edukiko du urtarriletik aurrera. Hain zuzen ere, Ibaiondotik Artabiderako lehen bidaia kendu egin dute eta zerbitzua ere ohi baino 10 minutu beranduago hasiko da martxan. 07:50ean hasi ordez, 08:00etan hasiko da zerbitzua ematen. Artabidetik Ibaiondora egingo du lehen bidaia herriko garraio publikoak.
COVID-19ak eragindako krisiak eta diru sarrerak gutxitzeak, Ondarroako Udala oinarrizko zerbitzuetan moldaketak egitera behartu dutela esan dute. “Horregatik erabaki da goizeko lehen bidaia horretan aldaketa hori egitea. Aldaketa zein zerbitzutan ematerakoan bi gauza hartu ditugu kontuan: alde batetik bidaiari gehien ibiltzen diren orduetako bat ez izatea, eta, bestetik, Osasun Zentrora joateko zerbitzuan kalterik ez eragitea”.
Lehen bidaia Artabidetik hastearen arrazoia “hurrengo bidaia guztiak berdin mantentzea” dela azpimarratu dute, herritarrei “ahalik eta gutxien eragiteko”.
Gabonetako autobus zerbitzuan ere hainbat aldaketa egongo direla iragarri dute. Bost egunetan egongo dira aldaketak. Abenduaren 24an eta 31n ohi baino lehenago amaituko da autobus zerbitzua, 07:50etik 13:40era egongo da zerbitzua abantean. Abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean eta 6an, ostera, ez da zerbitzurik egongo.