Ondarroako Zaldupe eskolako jolastokia asteburuetan ere zabalik edukitzea adostu dute
Asteburutik aurrera erabilgarri egongo da jolasgunea. Zabalik mantentzeko baldintza bakarra ipini dute: garbitasuna.
Herrian dagoen aterpe bakarrenetakoa izanik, Zaldupe eskolako jolastokia asteburuetan ere zabalik egotea garrantzitsua dela ikusi dute ikastetxeak eta udalak. Zapatu eta domeketan eskolako naturgunea ere erabilgarri egongo dela esan dute. Asteburutik aurrera erabilgarri egongo da jolasgunea. Udaltzaingoa arduratuko da ikastetxeko atea zabaltzeaz eta ixteaz; goizean zabaldu eta iluntzean itxiko dute, beraien ordutegiagaz batera.
Eneritz Basurko Hezkuntza batzordeburuak esan duenez, asteburuetan gazteen jolasgunea izan ohi dela jolastokia, baina sartzeko hesia pasatu beharra eduki dutela. “Bai eskolak eta bai udalak uste dugu zentzuzkoa dela atea zabaldu eta ume zein gazteei bertan jolasteko aukera ematea, hesiak pasatzen ibili beharrik barik. Orain arte hesia pasatzen zutenak bakarrik sartu ahal ziren jolastokira. Aukera hori zabaldu nahi dugu, haur eta gurasoak ere sartu daitezen”.
Ikastetxeko jolastokia zabalik mantentzeko baldintza bakarra ipini dute udalak eta ikastetxeak: garbitasuna. “Azkenaldian, astelehenetan, zakarrez beteta agertu da ikastetxeko jolastokia, asteburuetan bertan ibiltzen direnek utzitako hondakinen ondorioz. Gune hau zabalik edukitzea nahi badugu garbi mantendu behar dugu”.