Beaskoetxea eta Manzi, garaile Gernikako Zesta Torneoan
Mutrikuko atzelariak lan txukuna egin du; bere ibilbideko garaipen garrantzitsuena da.
Grand Slamaren eta Urriko Masterraren ordez, Gernikako Zesta Torneoa hartu du aurten Jai Alai frontoiak. Azken urteotan zaleek sortutako giroa eta berotasuna faltan bota dute zestaren katedraleko paretek, baina, behintzat, torneoa jokatu ahal izan dute.
Gernikako Zesta Torneoaren finala barikuan lehiatu zuten, eta ez zen ezustekorik egon. Diego Beaskoetxea etxeko maisua eta Mikel Manzisidor mutrikuar gaztea geratu ziren txapeldun. Antxon Alberdi etxebarritarrari eta Jon Zabala markina-xemeindarrari bi setak 15-11 irabazi zizkieten. Lau finalisten artean Beaskoetxea da maila gorenekoa eta beteranoena, eta haren alboan bere lana txukun bete du torneo honetan Manzik, izar handi bategaz aritzearen “presioa” ondo kudeatu du. Mutrikuko atzelariarentzat bere ibilbideko garaipen garrantzitsuena da.
Publiko barik, azkenaldian partidu “hotzak” jokatzera ohitu dira puntistak, baina euren kalitatearen zertzeladak utzi zituzten barikuan ere. Txapa-gainekoak, bi paretak, errebeseko erreboteak… tanto dotoreak egin zituzten finalean. Harmailak ia hutsik egon arren, ohorezko gonbidatuak eduki zituzten Jai Alain: Jose Antonio Illoro Txikito de Bolibar, Juan Ramon Rementeria Remen eta Jose Ignacio Etxebarrieta Etxeba 80ko hamarkadaren hiru pilotari handi egon dira Jai Alai frontoian.
Partidu hasieran, Lea-Artibaikoek egindako hutsegiteen ondorioz, abantaila hartu zuten Beaskoetxea eta Manzi gorriek. Hasierako jokaldietan pare bat tantoko aldeagaz egon ziren, eta Beaskoetxeak zein Antxonek tanto politak utzi zituzten. Hamarrera heltzean, baina, Etxebarriako aurrelariaren bizpahiru hutsegiteak erabakigarriak izan ziren.
Bigarren zatian jokoan sartzea kostatu zitzaien Etxebarriakoari eta Markina-Xemeingoari. 8-2ko markagailuagaz gorriak aurretik zirela sartu ziren partiduan. Beranduegi izango zela zirudien, baina urdinek ez zuten etsi, eta seguru eta serio jokatuta, 9-7 hurreratu ziren. Baina lehenengo setean gertatu modura, bigarrenean ere momenturik erabakigarrienetan Beaskoetxeak eta Manzik ez zuten akatsik egin, eta Antxonek eta Zabalak, ostera, hutsegiteren bat edo beste egin zuten. Bi puntuko aldeagaz egon ziren azken unera arte (12-10 eta 13-11), baina Beaskoetxeran zorroztasunak erabaki zuen seta.
Urko Lekerikaren lesioa. Finalaren aurretik, Urko-de Rio eta Aaron-Mandiola bikoteen arteko partidua ustekabean amaitu zen. 9-3 irabazten zihoazela, Urko Lekerika gernikarrak min hartu zuen; zuntz-etendura dauka. Partidua bere horretan utzi ordez, Aaron eta Del Rio gasteiztarrek buruz burukoa lehiatu zuten, eta Aaronek puntu bakarragatik irabazi zion (10-9).