Markina-Xemeingo Udalak goi mailako Bikain saria lortu du
Prozesu osoan udaletxeko langileen inplikazioa ezinbestekoa izan dela nabarmendu du alkateak, eta urteetako lana izan dela azaldu du.
Hamazazpi erakundek jaso dute aurten Bikain euskararen kalitate ziurtagiria, bederatzik goi mailako ziurtagiria jaso dute, lauk erdi mailakoa eta beste lauk oinarrizkoa; Goi mailako ziurtagiria jaso dutenen artean dago Markina-Xemeingo Udala.
Joan den martitzenean [abenduak 15] banatu zituzten euskararen kalitate ziurtagiriak Euskalduna jauregian. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramailea izan zen ekitaldiaren buru, eta bertan egon zen Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaran ere. Markina-Xemeingo Udalaren ordezkari gisa Luis Egurrola Arakistain alkatea joan zen Euskalduna jauregian egin zen ekitaldira.
Enpresa eta erakundeetan euskararen presentzia, erabilera eta kudeaketa egiaztatzen ditu euskara lan munduan sustatzea helburu duen proiektuak. Aurten osasun egoeraren ondorioz, ebaluazio prozesuak Internetez egin dira lehenengoz.
Talde lana. Prozesuak udala euskarari dagokionez nola dagoen hausnartzeko balio izan diela azaldu du Luis Egurrola Markina-Xemeingo alkateak, bai eta hobekuntzak egin ahal izateko, eta prozesu osoan udaletxeko langileen inplikazioa ezinbestekoa izan dela nabarmendu du. “Udalak eredugarri izan behar du, Markina-Xemein arnasgune den heinean, oraindik gehiago, eta guretzako garrantzitsua izan da ziurtagiri hori lortzea”. Goi mailako ziurtagiria lortu dute gainera, eta horren atzean urteetako lana dagoela nabarmendu du alkateak. “Udala guztiz euskaratzeko balio izan digu, guk pentsatzen dugun modura eta Euskara Planagaz lotuta, eta oso pozik gaude jaso dugun balorazioagaz”.
Azken txanpan ordenagailuko programak euskaratu dituzte eta kontuak eta balantzeak ere bai. “«Azken momentuko lanketa bat egon da guztia euskaratzeko, baina azken baten, ziurtagiri hau lortzea ez da erraza eta urteetako lana da».
Ziurtagiria lortzeko aurkezpen txostena eta autodiagnostikoa aurkeztu zituzten lehenengo, eta ebaluatzaile talde batek elkarrizketak egin eta txostenean jasotakoa kontrastatu die. Ebaluatzaile lana ere egin dute udaletxeko langileek. “Talde motor lana egin dute langile batzuk, baina denen lana dago ziurtagiri honen atzean”.