Nahia Quincoces: "Asko gozatu dut, baina fisikoki oraindik ez nago nire sasoirik onenean"
Italian lehiatutako Munduko Kopako lehen proban "nahikoa indartsu" sentitu bada ere, oraindik ere "fisikoki lan asko" daukala egiteko adierazi du mendexarrak. Eduki duen dena eman duelako pozik dago.
ISMF Mendiko Eskiaren Munduko Kopa hasi dute asteburuan, Italian. Italiako Ponte di Legno-Tonalen lehiatu dute Adamello Ski Raid txapelketa. Zapatuko esprint lasterketan 18. postuan sailkatu zen Nahia Quincoces mendexarra, eta atzoko lasterketa bertikala 21. postuan amaitu zuen.
Mendexako mendi eskiatzaileak “asko gozatu” du, eta lasterketa “oso politak” izan direla adierazi du: “Oso pozik nago lasterketak egin ahal izan direlako, eta gauden egoera honetan pribilegiatua sentitu naiz Italiara, Alpeetara joan eta lehiatu ahal izateagatik. Gozamena izan da. Eduki dudan dena eman dut, eta pozik nago, baina badakit fisikoki oraindik lan asko daukadala egiteko”.
Esprint lasterketa oso aldapatsua izan zen, desnibel handikoa: “Esprintak zapatu iluntzean egin genituen, fokuekin, eta oso zirkuitu polita izan zen”. Quincocesek lehenengo sailkatze fasea pasatu, eta final-laurdenak lehiatu zituen. Txanda bakoitzean sei neska aritu ziren, eta txanda bakoitzetik hiru sailkatzen ziren finalerdietara. Mendexarra bere txandan bosgarren geratu zenez ez zen finalerdietara sailkatu: “Gustura aritu nintzen, baina hor geratu nintzen”.
Lasterketa bertikalean ere ibilbide oso aldapatsua egin zuten, gogorra: “Besoekin lan asko egin beharrekoa zen. Nahikoa indartsu sentitu nintzen, baina fisikoki oraindik nire sasoirik onenean ez nagoela ikusi dut, eta aurretik neska gazteak oso indartsu datozela. Denbora guztian hemeretzigarren joan nintzen. Hiru neska egon ginen batera, ia denbora guztian neu aurretik, eta amaitzeko gutxi falta zela esprintera jo zuten, eta ez neukan indarrik erritmo aldaketa horri eusteko”.
Denboraldi-aurrean elurretan askoz ere denbora gutxiago egon ahal izan da, eta horrek eragina eduki du: “Beste urte batzuetan bi-hiru aste behintzat egon izan naiz alturan eta elurretan entrenatzen. Horrek bere eragina dauka. Adibidez, Alpeetan bizi direnek aukera gehiago eduki dute hori egiteko. Horretaz aparte, agian, beste urte batzuetan baino beranduago hasi dut prestaketa fisikoa, ez genuelako argi lehiaketak egongo ziren edo ez”.