Aritz Solabarrieta ondarrutarra, Racing Santanderreko entrenatzaile berria
Ondarrutarrak denboraldi amaiera arte entrenatuko du Bigarren B Mailako lehen taldea.
Racing Santander taldeko zuzendaritzak akordioa lortu du Aritz Solabarrieta Arantzamendi entrenatzaileagaz. Ondarrutarrak Bigarren B Mailako lehen taldearen gidaritza hartuko du; denboraldi amaierara arte sinatu du kontratua. Kantabriako taldeak astelelehen [abenduak 21] goizean kargugabetutako Javi Rozada entrenatzailearen lekukoa hartuko du, hain zuzen ere, Solabarrietak. Erronka handiari egin beharko dio aurre. Bigarren Mailatik jaitsi berria da Racing, eta igoera postuetan egoteko helburua jarrita du.
Gaur [abenduak 22] eguerdian egin zuten ondarrutarraren aurkezpen ofiziala, Sardineron. Solabarrietak taldearen gidaritza hartzeko orduan ez duela zalantzarik eduki azpimarratu du. “Erronkaren zailtasuna eta tamaina onartuz, baina ilusiorik handienagaz ekingo diot etapa berriari. Gai ikusten dut neure burua, baina hau ez da nik esaten dudana, egunerokotasunean erakutsi beharko da. Jokalari onak daudela uste dut. Nik nahi dudanaren eta jokalariek dutenaren arteko oreka bilatzea izango da gakoa”.
Jose Mari Amorrortu taldeko kirol zuzendariak, bere aldetik, ondarrutarrari taldea berbideratzeko bidea eman diotela esan du. “Taldea guztiok nahi dugun bezala bultzatu eta garatu ahal izango duela uste dugu. Aritzek lidergorako gaitasuna du eta bertute hori transmititu egingo du”.
Jai egun batzuren ostean, zapatuan [abenduak 26] itzuliko da lehen taldea entrenamenduetara. Prestatzaile ondarrutarrak Nando Yosu instalazioetan zuzenduko duen lehen saioa izango da. Urtarrilaren 3an Realaren bigarren taldearen aurka Zubietan jokatuko duten partidua prestatzen hasiko dira.
Hainbat talde entrenatu ditu ondarrutarrak. Gaur egun, Alaves B taldea entrenatzen ari zen. Aurretik, Basconia, Bilbao Athletic, Athleticeko gazte mailako taldea ere entrenatu ditu. Jokalari profesional modura ere eskarmentu handia du. Ondarroako Aurrera Kirol Elkartean hasi zen futbolean eta gerokoan Lezamako harrobian hazitakoa da.2004/2005 denboraldian lehen mailara jauzi egin zuen Athletic Clubagaz; 13 partidu jokatu zituen lehenengo mailan. 2005/2006 denboraldian Eibarren aritu zen, Athleticek utzita.
Gerora, Bigarren B Mailako hainbat taldetan jokatu zuen: Atletico Madril B, Jaen, Palentzia, Melilla eta Sestao Riverren. Azken urteak herriko taldean egin zituen, 2013 eta 2015 urte bitartean. Espainaiko futbol selekzioko maila guztietan ere internazionala izan zen. 2002an, esaterako, 19 urtez azpiko Eurokopa irabazi zuen.