Aurtengoa baino 675.777 euro gutxiagoko aurrekontua izango du Lekeitioko Udalak 2021urtean
Ez dute inbertsiorik aurreikusi proiektu berrietarako. Diru sailak egungo osasun larrialdiari aurre egitera bideratuko dituzte.
Lekeitioko Udalak 7.883.374 euroko aurrekontua onartu zuen atzo [abenduak 21] egindako osoko bilkuran. 2020ko aurrekontua baino %8 baxuagoa, 675.777 euro gutxiago izango ditu hain zuzen ere. Aurrekontuak EAJren aldeko botoekin egin zuen aurrera, EH Bildu, ostera, abstenitu egin zen. Udal gobernuak azaldu duenez, pandemiak sortutako egoerak beherakada ekarri du diru bilketan, eta guztira, udalak, 759.646 euro gutxiago jasoko ditu datorren urtean Udalkutxatik.
Udal Gobernuaren lehentasuna osasun larrialdi egoera honek sortutako krisiari elkarrekin aurre egitea dela esan dute,”gehien sufritzen ari diren pertsona eta sektoreak erdigunean jartzea”. Hori dela eta, onartu dituzten aurrekontuak pandemiak sortutako egoerari aurre egiteko oinarrizko eta kalitatezko zerbitzuak ziurtatu eta mantentzearen aldekoak dira: Gizarte-larrialdietarako laguntzak bikoiztu egin dituzte eta oinarrizko zerbitzuak mantendu; 2021ean COVID-19ak eragindako kalteei aurre egiteko 200.000 euroko partida onartu da eta Udal zerga eta tasek ez dute igoerarik izango.
Ordea, 2021eko aurrekontuetan ez dituzte proiektu berrietarako inbertsioak aurreikusi, partida horiek egungo osasun larrialdiari aurre egitera bideratu dituzte. Hala ere, 2020 urteko likidazioa egitean (martxo bueltan) eta aurreko urteetako superabitaren ondorioz izandako soberakinak baldin badaude, orduan inbertsio ezberdinak burutzeko aukera egongo dela azaldu dute.
“Pandemia honek lekeitiar familia askoren ahultasuna areagotu egin du eta hauei ezinbestean berehalako erantzuna eman behar zaie”, esan dute, eta egoera hobetu ezean, Lekeitioko Udalak “neurri berriak hartzeko eta erraztasunak emateko” konpromiso argia duela azpimarratu dute: ostalaritza establezimenduetako terrazen handitzea, herriko merkataritza indartzeko kanpainak, udal tasen edo kanonen berrikuspenak, eta abar.
Herritarren 81 ekarpen jaso dituzte, inoiz baino gehiago
Bestalde, langileen soldata igoera eta pertsonal berriaren kontratazioak aurreikusi dituzte aurrekontuan, eta pertsonaleko kapituluak 250.000 euroko igoera izango du.
Parte hartzea. Aurten ere, aurrekontuei ekarpenak egiteko aukera izan dute herritarrek. Guztira, 81 ekarpen jaso dira (80 Lekeition erroldatuak eta 1 Ispasterren), inoiz baino gehiago. Aurreko prozesu parte hartzailetan, 2019ko zein 2020ko aurrekontuetan adibidez, 11 ekarpen jaso ziren parte hartze prozesu bakoitzean.
Zehaztu dutenez, herritarrek garrantzi gehien eman dioten arloa udal eraikin eta ekipamenduak hobetzeari dagokiona izan da (58 herritarrek) eta ondoren, ingurumena eta trantsizio energetikoari dagokiona (12 herritarrek). Lehentasun gutxien aldiz kultura, kirola eta aisialdiari eman zaio (18 herritarrek) eta ondoren mugikortasunari (12 herritarrek).
Bestalde, jasotako ekarpenetatik 77 gauza berdinengatik izan dira: Jolas parke naturala sortzea herrian eta haurrak jolasten aritzeko aterpe bat egitea. Horietako bostek, eskolako patioak arratsaldez zabaltzea eskatu dute, eta udalak azaldu duenez, ikastetxeei irailean adierazi zieten patioak herritarrentzako erabilgarri egon behar direla arratsaldeetan, asteburuetan egoten diren moduan. “Hala daude; patioetako ateak zabalik daude nahi duenak bertan egon ahal izateko”.
Beste ekarpen bik ludotekari egiten diote aipamen zuzena, ludoteka egotea eta honek ordutegi malgua izatea. “Honen inguruan esan herriko guraso talde batek hartu zuela ludoteka dagoen gela erabiltzeko ardura eta edozein herritarrek erabili ahal du. Bizi dugun pandemia egoera honetan, orain ez dute erabiltzen baina osasun krisia igaro ondoren, berriz erabiliko da”.
COVID-19ak eragindako kalteei aurre egiteko neurriak hartzea eta emakumeentzako espazio propio bat sortzea proposatu ditu, besteak beste, EH Bilduk
Udalean auzolan talde bat sortzea, saihesbide inguruko lurretan herritarrentzako ortuak sortzea, skate parka handitu eta egokitzea, bizikleten bidea handitzea edo luzatzea edota urte guztirako alokairurako etxeak bultzatzea proposatu diote herritarrek udalari, eta txakurren kaka eta txizari buruzko ekarpenak ere egin dituzte.
EH Bilduk ere egin ditu ekarpenak. Besteak beste, COVID-19ak eragindako kalteei aurre egiteko neurriak hartzea, Andra-etxea, emakumeentzako espazio propio bat sortzea eta musikarien entsegu gelaren egokitzapen obrak egitea proposatu dute.