Espainiako Tiro Txapelketa irabazi du Ager Solabarrietak, zutikako kategorian
Euskarri gabeko 60 tiro zutikako kategoriako lehen postuaz gain, hirugarren postua lortu du euskarri gabeko 60 tiro etzandako kategorian. Aurtengoagaz, laugarren bidar irabazi du txapelketa.
Asteburuan Olias del Rey (Toledo, Espainia) herrian jokatu den Espainiako Tiro Olinpiko Txapelketa irabazi dute Ager Solabarrieta tiratzaile olinpiko ondarrutarrak eta Maite Badiola haren laguntzaileak, euskarri gabeko 60 tiro zutikako kategorian. Aurtengoagaz, laugarren bidar irabazi dute txapelketa.
Azpimarratu dutenez, orain arteko emaitzarik onena lortu dute txapelketan. Zapatu [abenduak 19] arratsaldean lehiatu zuten zutikako kategorian, esaterako, sailkapen fasean Espainiako errekorra hautsita lortu zuten finalerako txartela; 554,4 puntu lortu zituen. Finalean ere ondo ibili ziren, eta finalisten artean puntuaziorik onena eginda, txapela berriro bereganatu zuten. “Nahikoa urduri hasi nintzen. Hasierako tiroak ez ziren oso onak izan, baina hobera egin eta txapelketa irabazi genuen”.
Zutikako kategorian ezeze, euskarri gabeko 60 tiro etzandako kategorian ere parte hartu zuten ondarrutarrek domeka [abenduak 20] goizean. Sailkapen fasean fin ibili zen bikotea. Maila bikaina erakutsi zuten, eta Espainiako eta Munduko errekorrak hautsi zituzten; 614,6 puntu lortu zituzten denetara. Finala, ostera, hirugarren amaitu zuten. “Hasierako pare bat 9koak izan ziren, eta hortxe erabaki zen finala”.
Ondarrutarrak oso gustura bueltatu dira Toledotik. “Podiuma bi bidar zapaldu zuten bakarrak izan ginen. Oso pozik bueltatu gara. Lortutako emaitza onei esker, Espainiako selekzioagaz 2021eko otsailean Finlandian jokatuko den Europako Txapelketan parte hartzeko txartela lortu dugu”. Espainiako txapelketa jokatu ostean, aurtengo denboraldia amaitutzat eman dute Solabarrietak eta Badiolak. “Atseden hartu eta Gabonen ostean buru-belarri Europako Txapelketara begira entrenatzen hasiko naiz”.