Jaurlaritzak ordubete aurreratu du Gabon eta Urtezahar gauetan etxeratzeko agindua
Gabonetako plana zorroztea erabaki du Eusko Jaurlaritzak, Labi aholku batzordearen iritzia jaso ondoren. «Ondo goaz, baina ez gaude ondo», esan du Sagardui Osasun sailburuak.
Gabonetako plana zorroztea erabaki du Eusko Jaurlaritzak, Labi aholku batzordearen iritzia jaso ondoren. Gotzone Sagardui Osasun sailburuak adierazi duenez, Gabon gauean eta Urtezahar gauean, ezingo da 00:30ak baino beranduago zirkulatu. Gabonetako planean, orain arte, muga hori 01:30ean jartzea zegoen erabakita. «Ondo goaz, baina ez gaude ondo», esan du Sagarduik. Horrez gain, Bizkai, Araba eta Gipuzkoako konfinamendu perimetralik ez da egongo abenduaren 23-26 artean eta abenduaren 31tik urtarrilaren 1era. Planean, 2ra artekoa zen epea. Urtezahar gauean, gehienez sei pertsona elkartu ahalko dira, eta Gabon gauean hamar.
Abenduaren 24, 25, 31 eta urtarrilaren 1, 5 eta 6an, dendak eta ostatuak 18:00etarako itxita egon beharko dira. Horretan salbuespena izango dira botikak. Sagarduik azaldu duenez, Jaurlaritzaren asmoa da azken orduko erosketak egiteko pilaketak saihestea. Abenduaren 25ean, eta urtarrilaren 1ean eta 6an ezingo dira dendak eta ostatuak 09:00ak baino lehen zabaldu.
Abenduaren 30etik urtarrilaren 2ra, kanpinetan, debekatuta egongo da abenduaren 28rako bertan ostatu hartuta ez dagoen inor egotea.
Urtezahar gauean, Urteberri egunean eta urtarrilaren 5ean eta 6an, kotilioiak eta bestelako jaiak debekatuta egongo dira edozein ostatu, hotel edo apartamentutan.
Bizkai, Araba eta Gipuzkoako konfinamendu perimetralik ez da egongo abenduaren 23-26 artean eta abenduaren 31tik urtarrilaren 1era.
«Aurtengo Gabonak bereziak dira, eta modu berezian ospatu behar ditugu». Gogorarazi du maskara nahitaezkoa dela uneoro ostatuetan, eta soilik jan-edateko erretiratu daitekeela. Zutik jateko debekua ere gogora ekarri du. «Berriz antzeman dira jokabide arriskutsuak».
Gehiago jaitsi beharra. Labi aholku batzordeak bilera egin du gaur goizean (abenduak 22), eta Eguberrietarako neurriak izan ditu hizpide, besteak beste. Bingen Zupiria Jaurlaritzaren eledunak gaur goizean esan duenez, kutsatzeen kurba jaisten ari da, baina «gehiago jaitsi beharko litzateke».
Beste aldaketarik ez balego, Eguberrietako ospakizunak neurri hauek mugatuko dituzte, eremu administratiboaren arabera.