Umeentzako parkea egingo dute Ondarroako Errebala Txikiñeko berdegunean
Berdegunean gaixorik dauden zuhaitzak kendu ostean, beste batzuk landatuko dituzte. Zuhaitz berriak egonkortuta daudenean ipiniko dituzte ziburuak.
Errebala Txikiñeko berdegunea eraberritzeko asmoa agertu du Ondarroako Udalak. Jakitera eman dutenez, bertan dauden zuhaitzak kendu egingo dituzte, eta berriak landatu ostean, umeen jolasleku berria ipiniko dute bertan. “Lehenago ere bazeuden ziburuak inguruan, Artibai egoitzaren aurrean, hain zuzen, eta orain berdegunean ipiniko dira”.
Gaur egun Errebala Txikiñeko berdegunean dauden zuhaitzak kentzea beharrezkoa dela azaldu dute; “eguaztenean [abenduak 23] kenduko ditu ziurrenik enpresa espezializatu batek”. Onddo baten ondorioz gaixotuta daudela esan dute; zehazki, robinia pseudoacacia gaitzak jota daude. “Onddoak eraginda, zuhaitzak lehortuta daude. Erortzeko edo apurtzeko arriskua dago haize bolada bat datorrenean. Istripuak saiheste aldera, dagoeneko, batzuk moztuta ere badaude”.
Gaixorik dauden zuhaitzak kendu ostean, beste batzuk landatuko dituztela iragarri dute. “Behin zuhaitzak egonkortuta daudenean, umeentzako ziburuak ipiniko dira”. Jolasgune berria Gaztelekua eta Etxelila dauden eraikinetik gertuen dagoen eremuan ipiniko dute.