Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 10.692 pertsonak hartu dute txertoa
Jaurlaritzak abenduaren 30ean hasi zuen COVID-19aren aurkako txertaketa kanpaina, eta atzo [urtarrilak 7] jakinarazi zuten lehen astean 10.692 pertsona txertatu dituztela. Gaineratu dute adinekoen egoitzetan Osakidetzako 100 bat profesional ari direla txertaketak egiten.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan pandemiaren bilakaera “negatiboa eta kezkagarria” ari dela izaten esan du Gotzone Sagardui Osasun sailburuak. “14 eguneko intzidentzia tasa metatua 255,40 da. Gogora ekarri behar dugu adierazle horrek herritarretan agertzen doazen kasu berrien kopuruari egiten diola erreferentzia”. Hala, kutsakortasun indizearen balioetan ere goranzko joera atzeman dela gaineratu dute (gaur gaurkoz 1,1ekoa da).
Egoeraren berri emateaz batera, abenduaren 30ean hasitako txertaketa kanpaina aurrera doala gogorarazi dute; astebetean 10.692 pertsonak hartu dute COVID-19aren aurkako txertoa. “Lehenengo dosiak adineko egoitzetan ematen hasi gara”. Sagarduik gaineratu zuen erreserba estrategikoa egin dutela, hornidurarik egon ezean txertoa jarri duten pertsonei bigarren dosia eman ahal izateko.