Azken orduetan 11 positibo berri erregistratu dituzte Lea-Artibain
Kasu berriak Lekeition (5), Ondarroan (5) eta Markina-Xemeinen (1) atzeman dituzte. Lekeitio eta Ispaster gune gorrian daude, eta, ondorioz, bi herri horietan ostalaritza establezimenduak itxita daude. Ondarroako Artibai egoitzan gaur gaurkoz bi positibo daude.
Atzo [urtarrilak 7] egindako probetatik Lea-Artibain COVID-19agaz kutsatutako 11 kasu berri erregistratu dituzte: 5 Lekeition, 5 Ondarroan eta 1 Markina-Xemeinen.
Azken datuen arabera, Lekeitio eta Ispaster gune gorrian daude; 100.000 biztanleko 678,01eko eta 537,63ko intzidentzia metatua daukate, hurrenez hurren. Dena dela, Jaurlaritzaren gaurko [urtarrilak 8] txostenean jasota dagoenaren arabera, Gizaburuagak ere 500eko tasa dauka. Ondokoa da herriz herriko egoera:
- Amoroto: 0
- Aulesti: 449,10
- Berriatua: 0
- Etxebarria: 0
- Gizaburuaga: 500
- Ispaster: 537,63
- Lekeitio: 678,01
- Markina-Xemein: 378,11
- Mendexa: 0
- Munitibar: 2838,43
- Mutriku: 169,36
- Ondarroa: 350,18
- Ziortza-Bolibar: 227,79
Bestalde, Ondarroako Artibai egoitzan 2 positibo daudela jakitera eman du Bizkaiko Foru Aldundiak. Egoitza horretan abenduaren 24an atzeman zituzten lehen kasuak. Protokoloa martxan jarri eta gero, hurrengo egunetan 11 kasu erregistratu zituzten: 10 egoiliar eta langile bat. 11 kasu horietatik, baina, bi pertsonak zituzten sintomak. Positibo eman zuten egoiliarrak, gainera, Bilboko Birjinetxe egoitzara lekualdatu zituzten; aldundiak kasu positiboak artatzeko beren beregi prestatutako egoitza da Birjinetxe.
Ospitaleen egoera. Hiru lurraldeetan, atzora arte [urtarrilak 7], 288 pertsona zeude ospitaleratuta, eta horietatik 71 ZIUn daude.