Gune gorrian sartuta, itxita dago Lekeitioko eta Ispasterko ostalaritza
Lekeitioko Udalak jakitera eman du neurri gehiago hartzea aztertuko dutela. 537,63 tasara iritsi da Ispaster eta 622raino heldu da Lekeitio.
Azken 14 egunetan birusaren intzidentzia tasak gora egin ostean, 100.000 biztanleko 537,63 tasara iritsi da Ispaster eta 622raino Lekeitio. Ondorioz, ostalaritza establezimenduak itxi egin dira gaur [urtarrilak 8], eta Lekeitioko Udalak jakitera eman du neurri gehiago hartzea aztertuko duela. Azaldu du Osasun Saileko ordezkariekin harremanetan daudela, COVIDaren bilakaera aztertzeko.
“Azken bi asteetan 40 positibotik gora egon dira, eta segurtasun protokoloa zorroztu egingo da. Ostalaritza establezimenduak zarratzeaz gainera, COVIDaren kutsaduraren hedapena aztertuko da egunotan, eta posible da beste neurri batzuk hartzea”, aurreratu dute.
Azpimarratu dute COVIDaren kutsadura geldiarazteko ezinbestekoa dela maskara erabiltzea, besteekiko segurtasun distantzia mantentzea, kalean ez erretzea edota higiene protokoloa jarraitzea. “Egoeraren jakitun izan behar dugu, eta ezin gara arriskatu birusa beste herri batzuetara eramaten. Lekeition egotea eskatzen zaie herritar guztiei eta, bigarren etxebizitza hemen dutenei ez etortzea gomendatzen zaie. Aukerarik onena norbere etxean egotea da”.
Azaldu dutenez, momentuz, taberna eta jatetxeek eskaerak bakarrik prestatu ahalko dituzte, establezimenduetan bertan jasotzeko edota etxez etxeko zerbitzua emateko, beti ere aldez aurretik hitzordua eskatuta eta ordutegi baten barruan.
“Gune gorrian sartzeak dakartzan neurriez gain, hurrengo astelehenean osasun sailagaz batera aztertuko da egoera, eta horren arabera zehaztuko da neurri gehiago hartzea beharrezkoa den”.
Segurtasun neurriak betetzea eta erantzukizunez jokatzea eskatu diete herritar guztiei, “ezinbestekoa baita egoera zail honetatik irten ahal izateko”.