Jokin Arbe, txapeldun Banakako Jai Alai World Tourrean
Aimar Aldazabal faboritoari irabazita ezustekoa emanda, Jokin Arbe markina-xemeindarrak jantzi du txapela 2020ko Banakako Jai Alai World Tour txapelketan.
2020ko Banakako Jai Alai World Tourra irabazita, bere kirol ibilbideko garaipen garrantzitsuena lortu du Jokin Arbe markina-xemeindarrak. Aimar Aldazabal berriatuarraren kontra lehiatu zuen finala urtarrilaren 2an, Berriatuko Mendibarren frontoian.
Lea-Artibaiko bi puntistek ondo baino hobeto elkar ezagutzen dute. Euskal Herriko hainbat kantxatan zein Daniako Jai Alain elkarregaz aritutakoak dira. Pilotari teknikoagoa da Markina-Xemeingo aurrelaria, ez dauka Aimarren sendotasun fisikoa, baina defentsa bikaina dauka eta errematean ez du zalantzarik edukitzen. 2019an berriatuarra geratu zen txapeldunorde, eta bera zen faboritoa, baina Arbek finalerdietan Diego Beaskoetxea kanporatuta ezustekoa eman zuen, eta finalean ere beste horrenbeste egin zuen, aurrelari trebea dela erakutsiz.
Presiorik barik jokatuta, bi setak irabazita jantzi zuen txapela Arbek. Ausart ekin zion finalari. 0-3 aurreratu zen. Aimar piloteoan gehiago dela jakitun, urruneko dejadak eta aurkaria ezustean harrapatu zuten bi paretekin baliatu zen. Berriatuarra ez zen ondo hasi, eta lan erdietan ere, hiru tantoko abantaila zeukan markina-xemeindarrak (3-6), eta ondoren, sei puntuko errenta ere lortu zuen (3-9). Segituan, 10. koadrotik dejada ikusgarria egin zuen Arbek. Partiduan sartuta, Aimar saiatu zen markagailua berdintzen, baina Arberen nagusitasunaren aurrean ezin izan zuen bere helburua lortu. Gainera, bihurdura txiki bat egin zuen orkatilan, baina jokatzen segitu ahal izan zuen. 6-12 amaitu zuten lehenengo seta.
Bigarrena seta lehenengoa baino lehiatuagoa izan zen. Berdinduta hasi ziren. Bere buruarengan konfiantza berreskuratuta aritu zen Aimar, eta frontisetik urrun mantendu zuen Arbe. Ondorioz, markina-xemeindarrak ezin izan zuen bere jokoa plazaratu. 4-1 aurreratu zen etxeko zestalaria, eta dejadei eta bi paretei esker aldea murrizten joan zen Arbe. 6-5ekogaz, gauzak oso estu jarraituko zutela zirudien, baina Aimarrek 5-0eko partziala lortu zuen. Hala, finala berdinketa hausteko setean erabakiko zela zirudienean, Arbek Aimarren partziala gainditu zuen, eta hamaikana berdinduta geratu ziren.