Gune gorrian dauden herriak ixtea erabaki du Labik
Biztanleria kopurua aintzat hartu barik, 500etik gorako tasa duten herriak dira itxiko direnak. Lurralde historikoen konfinamendua ere adostu dute. Beraz, herritarrak bizi diren lurralde barruan mugitu ahalko dira bakarrik. Neurri berriak eguaztenetik [urtarrilak 13] aurrera jarriko dira indarrean.
Pandemiaren goranzko joeraren aurrean, “ziurgabetasun handiko testuinguruan” gaudela esan eta goranzko joera dagoela berretsi du Labik. Hala, 100.000 biztanleko 500etik gorako tasa duten udalerriak ixtea erabaki dute. Neurri berriak eguaztenetik [urtarrilak 13] aurrera jarriko dira indarrean. Beraz, Lea-Artibai mailan Ispaster eta Lekeitio itxita geratuko lirateke eguaztenean gune gorrian egoten jarraituko balute. Bestetik, lurralde historikoen konfinamendua ere adostu dute. Hau da, ezingo da hiru lurraldeen artean mugitu.
Beste neurriak. Autonomia erkidegoaren konfinamendu perimetralak indarrean jarraitzen duela ere esan dute. “Gaueko mugikortasunaren mugak, sei pertsonako taldeen mugak, eta jarduerak 21:00etan eteteko neurriek indarrean jarraitzen dute”. Ostalaritza establezimenduak zabalik dauden herrietan, orain arte modura, 20:00etatik 06:00etara itxi beharko dute.
Eskola kirolari dagokionez, entrenamenduei berrekitea adostu dute. “Adaketarik gabeko seiko taldeetan eta aldagelarik erabili gabe. Dena dela, 500eko tasa baino altuagoa duten herrietan, taldeko kirola eten egingo da”.
Bestetik, 150 metro karratutik gorako merkataritza establezimenduetako edukierak %40ra murriztuko dira. “Edukiera %60koa izango da 150 metro karratura arteko azalera dutenentzat”.
Azaldu dutenez, hiru faktore hartu dituzte kontuan egoeraren irakurketa egiteko: (1) Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban azken asteetan erregistratutako intzidentziaren beheranzko joera gelditu izana eta azken egunotan goranzko joera atzeman izana; (2) inguruko beste Autonomia Erkidego eta herrialde batzuetan intzidentzia tasak “izugarri handitzen” egotea; eta (3) Erresuma Batuan mutatutako anduiaren hainbat kasu Araban, Bizkaian eta GipuzkoanĀ hautemateak “ziurgabetasun eta mehatxu egoera” eragiten duela ebaztea.
500eko tasatik behera kokatzen diren herrietan, gainera, profesionalak ez diren dantza taldeen entseguak baimentzea ere erabaki dute. Gainera, herri horietan joko eta apustu lokalak zabaltzeko aukera ematea ere erabaki dute, edukiera, ordutegiak eta ostalaritza sektoreari ezartzen zaizkion antzeko prebentzio neurriekin.