Markina-Xemeingo aurrekontua iazkoa baino %7,79 baxuagoa izango da
Aho batez onartu da aurrekontua, EAJren eta EH Bilduren aldeko botoekin. COVID-19ari aurre egiteko diru sail bat finkatu dute. Aldundiaren murrizketak salatu ditu EH Bilduk.
Markina-Xemeingo Udalak 4.922.886,81 euroko aurrekontua edukiko du aurten. Iazko aurrekontuagaz alderatuta %7,79 baxuagoa izango da, hain zuzen ere, 415.663,3 euro gutxiago edukiko ditu. Aho batez onartu dira aurrekontuak, EAJren eta EH Bilduren aldeko botoekin.
COVID-19 pandemiak eraginda diru sarreretan beherakada izango duela azaldu du udalak. Alde batetik, esate baterako, 3.226.895 euro jasoko ditu Udalkutxatik, iaz baino 231.50 euro gutxiago (%6,69). Diru sarreretan beherakada eragingo dio bai eta ere udal zerga eta tasen bilketaren beherakadak. Izan ere, pandemia herriko ostalariengan eragiten ari den kaltearen jakitun, neurri fiskalak hartuko dituzte aurtengo urterako. Terrazengatik ordaintzen den bide publikoaren okupazio tasan %50eko hobaria aplikatuko die ostalariei maiatzera arte. Horrez gain, itxita egon diren ostalaritza establezimenduei ez die zaborraren tasa kobratuko itxita egon diren epean. Aipatu dutenez, gainera, gainontzeko udal zerga eta tasek ere ez dute igoerarik edukiko.
Gastuen atalari dagokionez, datozen sei hilabeetan garbitasuna indartzea eta osasun publikoa bermatzeko neurriak hartzea aurreikusi du udalak (gelak, desinfekzio produktuak, eskularruak, termometroak, babes pantailak…). Horrez gain, COVID-19ari aurre egiteko diru sail bat finkatu dute.
Aurrekontuetan zehaztu duten inbertsioetarako diru saila 20.515,68 eurokoa da, hau da, aurrekontuaren %0,42, eta, aurten Udalak Kutxabank finantza erakundeagaz sinatuta duen mailegua ordaintzen amaituko duela ere jakitera eman dute.
Onarpena. Aurrekontuan COVID-19ak eragindako osasun eta ekonomia krisiari erantzuna emateko diru saila bideratuko dela eta, 2021eko aurrekontua ontzat ematea erabaki du Markina-Xemeingo EH Bilduk. Kaltetutako sektoreei laguntzea ezinbestekotzat jotzen dute, eta horretarako diru saila egotea izan dela aurrekontuen aldeko bozka ematearen arrazoietako bat azaldu dute. “Guretzat inbertsioa da, ez gastua “, esan dute.
EH Bildurentzako garrantzitsuak diren bi ildo nagusiekin, Berdintasun eta Harrera Planekin aurrera jarraituko da, eta azaldu dutenez, hori ere izan da aurrekontuei aldeko botoa ematearen beste arrazoi bat: “Eta, murrizketak direla eta aurrekontuak gehiagorako ere ez duenez ematen, baiezkoa ematea erabaki dugu”.
Bestalde, Bizkaiko Foru Aldundiak hartu dituen neurri murriztaileen inguruan kritiko mintzatu da Markina-Xemeingo EH Bildu. Udalkutxatik 231.503 euro gutxiago bideratuko dituztela salatu dute. “Zenbateko hori Markina-Xemein bezalako udalerri batentzako kopuru handia da. Gainera, Markina-Xemeingo herria bere diruak kudeatzeko gai dela uste dugu, aldundiaren esku-hartzerik barik. Garai hau herrietan inbertitzeko garaia da, ez proiektu handietan inbertitzekoa”.
Hutsuneak. Aurrekontuari baiezkoa eman arren, 2021eko aurrekontuan hutsune batzuk ere badaudela azaldu du Markina-Xemeingo EH Bilduk. “Herrian Energia Berriztagarrien plana egitea garrantzitsua dela ikusten dugu, gero ekimenak egin ahal izateko, eta plan hori martxan jarriko bada ere, frontoian gas galdara bat jarriko dute. Gasa ez da energia berriztagarria, eta orain galdara hori jarri, eta gero plana egitea ez dugu zentzuzkoa dela ikusten”.
Bestalde, Markina-Xemeinen geldikin bat badagoela gogora ekarri dute. “Diru horrentzako ze asmo dituen galdetu diogu udal gobernuari, baina ez dugu izan erantzunik”. Horri lotuta, herrian lehentasun batzuk badaudela azaldu dute. Beste batzuen artean, alde zaharrarentzako irisgarritasun plana egitea, herriguneko auzo ezberdinetako azterketa urbanistikoa egitea, basoen kudeaketa eta Goierriko uren proiektua garatzea proposatu dituzte.