Labik iragarritako neurri berrien inguruko gida, eskura
Labik astelehenean [urtarrilak 11] iragarritako neurri berriak eguaztenean [urtarrilak 13] sartuko dira indarrean. Neurri berriek, beste behin ere, zalantza asko sortu dituzte. Horren jakitun, BERRIAk gida bat prestatu du.
- Beste probintzia batera joan ahal da? Ez. Bihartik aurrera eta gutxienez otsailaren 1a arte, ezingo da norbera bizi den lurraldetik atera, eta ezin izango da beste probintzia batera joan: arabarrak Araban soilik mugitu ahal izango dira, bizkaitarrak Bizkaian zehar, eta gipuzkoarrak, Gipuzkoan. Probintziatik atera ahal izango da, bakarrik ondorengo kasuetan eta behar bezala justifikatuta badago: osasun arrazoiengatik, lan egiteko, ikasteko, menpekotasun bat duten pertsonak, edota haurrak eta adinduak zaintzeko, eta jarduera profesionalak egin ahal izateko.
- Udalerritik atera ahal izango da? Bai, salbuespen batekin: azken hamalau eguneko intzidentzia tasa 100.000 biztanleko 500 positibotik gora duten herrietan, debekatuta egongo da haietatik irtetea, baita alboko herrietara joateko ere. Udalerritik atera ahalko da, soilik ezinbesteko jarduerak egiteko bada, hau da, osasun arrazoiengatik, lan egiteko, ikasteko, menpekotasun bat duten pertsonak, edota haurrak eta adinduak zaintzeko, eta jarduera profesionalak egin ahal izateko.
- 5.000 biztanletik beherako udalerrietan, zer? Azken hamalau egunetan 100.000 biztanleko intzidentzia tasa 500 positibotik gora duten 5.000 biztanletik beherako herrien kasuetan, Jaurlaritzak tokian tokiko egoera aztertuta erabakiko du horiek itxi ala ez.
- Noiz jakingo da zein udalerri itxiko dituzten? Astelehenero eta eguenero eguneratuko da itxita egongo diren udalerrien zerrenda. Zerrenda argitaratu eta hurrengo egunean (barikua edo martitzena) itxiko dira gune gorrian dauden herriak, bai eta horietako ostalaritza establezimenduak.
- Beste probintzia batean dauden udalerri mugakideetara joan daiteke? Bai. Dekretuak jasotzen du udalerri mugakideetarako joan-etorriak baimenduta egongo direla, nahiz eta udalerri horiek beste probintzia batean egon. Salbuetsita egongo dira mugakide diren udalerrien arteko joan-etorriak, baldin eta azken hamalau egunetako intzidentzia metatua 500 kasutik gorakoa bada udalerri horietan.
- Noiz arte egongo dira indarrean neurriak? Eguaztenean [urtarrilak 13] sartuko dira indarrean, eta gutxienez 20 egunez iraungo dute, hau da, otsailaren 1era arte.
- Ostalaritza irekita egongo da aurrerantzean ere? Bai, ostalaritza irekita egongo da, gaur egun indarrean dituen muga berberek baldintzaturik. Hau da, 20:00etatik 06:00etara itxita egon beharko dute, eta etxera eramateko zerbitzua 22:00ak arte egongo da zabalik. Eremu gorrian dauden herrietan, ordea, ostalaritzak itxita egongo da, orain arte bezala.
- Barran kontsumitu ahal izango da? Ez, debekatuta egongo da aurrerantzean ere, eta, taberna barruan, soilik eserita kontsumitu ahal izango da. Terrazak osorik bete ahalko dira, baina taberna barruak %50 bakarrik.
- Saltokietako edukiera mugatuko dute? Bai, jende pilaketak eragozteko. Saltokietako gehienezko edukiera %40ra murriztuko da 150 metro koadro baino gehiago duten saltokien kasuan, eta gainerako establezimenduetan, berriz, %60ra murriztuko da. Merkataritza guneen kasuetan, solairu eta denda bakoitzeko gehienezko edukiera %40koa izango da. Merkataritza guneetan dauden haurrentzako guneak eta atseden guneak itxita egon beharko dira.
- Zein ordura arte egongo dira saltokiak irekita? Orain arte bezala, 21:00etarako itxita egon beharko dute.
- Joko eta apustu etxeek ireki ahal izango dute? Bai. Berriro ireki ahal izango dira joko eta apustu etxeak, ostalaritzari ezartzen zaizkion baldintza berberak beteta. Besteak beste, edukiera %50era mugatuta izango dute eta barruan eserita egon beharko da. Intzidentzia handiko herrietan, ordea, itxita egon beharko dute oraindik ere, tabernek eta jatetxeek bezala.
- Eskola kirola martxan jarriko dute? Bai, baimenduta egongo da eskola kirola egitea, baina soilik entrenamenduetarako. Hiru baldintza bete beharko dira: gehienez sei laguneko taldeetan egin ahalko dira entrenamenduak, taldeko kideek beti berberak izan beharko dute, eta ezin izango da aldagelarik erabili.
- Eremu gorriko herrietan eskola kirola abiatu ahal izango da? Ez. 100.000 biztanleko intzidentzia metatua 500 kasutik gora duten herrietan, eskola kirola bertan behera geratuko da.
- Kirola egin daiteke? Federatu gabeko kirol jarduerak egin ahal izango dira, aire librean, taldeka (sei lagun gehienez) edo barkaka, eta kontaktu fisikorik gabe. Kirol jarduera federatuetan lehiaketak eta entrenamenduak egin ahal izango dira. Kirol instalazioen gehienezko edukiera erdira mugatuta dago, eta horietan kirola bakarka eta seinaka egin ahal izango da. Aldagelen edukiera %30era murriztuta dago, eta dutxak bakarka erabili ahal izango dira.
100.000 biztanleko intzidentzia metatua 500 kasutik gora duten herrietan, taldekako kirol jarduera oro debekatuta egongo da, hala entrenamenduak nola lehiaketak. Hala ere, salbuetsita egongo dira gimnasioetan antolatutako ikastaroak eta jarduerak —maskararekin—, eta lehiaketa profesionaletan edo erdi profesionaletan dauden taldeetako kideak ere entrenatu ahal izango dira taldeka. - Kirol ikuskizunetan publikoa baimenduta dago? Ez, debekatuta dago publikoa.
- Kontzertu batera joan ahal izango da? Bai, baina soilik musikari profesionalen emanaldietara. Musika eta ahots-entsegu ez-profesionalak debekatuta egongo dira oraindik ere.
- Dantza taldeek entseguak egin ahal dituzte? Bai, eta baita dantza talde ez-profesionalek ere. Antzerki jardueretarako indarrean dauden baldintza berberetan egin ahal izango dituzte entseguak.
- Etxeratze agindua zein ordutan da? Orain arte bezala: 22:00etatik 06:00etara.
- Zenbat pertsona elkartu ahal dira? Gehienez sei pertsona bildu ahalko dira, orain arte bezala. Sei lagun baino gehiago ezin izango dira bildu ez espazio publikoetan ez pribatuetan, eta neurri horrek berdin balio du espazio itxietarako zein kalerako.