Lea-Artibain gero eta hondakin gutxiago sortzen da
Azken urtean hondakin guztien kopuru osoa %3,7 gutxitu da, eta datuen arabera jaitsiera hori azken bost urteetan errepikatzen ari da.
Apurka-apurka bada ere, hondakin kopurua gutxitzen doa Lea-Artibai Amankomunazgoaren baitako herrietan. Orokorrean, 2007 urtetik aurrera hori izan da joera, eta horrela jarraitu da 2019tik 2020 urtera ere. Hain zuzen ere, azken urtean hondakin guztien kopuru osoa %3,7 gutxitu da, eta datuen arabera jaitsiera hori azken bost urteetan errepikatzen ari da.
Errefusak ere joera bera darama: 2019 urtetik 2020ra %2,9 tona gutxiago batu dira; 3.881 tonatik 3.768 tonara jaitsi da errefusa kopurua. Hala ere, gaur egun oraindik sortzen den hondakinen zatirik handiena errefusa da. Lea Artibai Amankomunazgoak emandako dauen arabera, 2020 urteko lehenengo bederatzi hilabeteetan batutako guztiaren %55,02 errefusa izan da. Zehaztu dutenez, herriz herri ez da datu bera errepikatzen, eta eskualdeko datu txikiena Ondarroak dauka %52,57.
Ostera, birziklatzera eramaten diren hondakinen joera ez da bera, batzuk igotzen doazen bitartean beste batzuek beherantz egin dute. Esate baterako, organikoaren birziklapen tasa %2,9 igo da (734 tonatik 758 tonara), ontzi arinen birziklapena %7,4 igo da (432 tonatik 467 tonara) eta olioa ere gehiago birziklatzen da, %11,22, hain zuzen ere.
Birziklatutako pilen kopurua bikoiztu egin da, 916 kilotik 1.980 kilora igo da
Gutxi bada ere, paperaren eta kartoiaren birziklapenak beherantz egin du %0,71. Hau da, 2019an 894 tona biriziklatzetik 2020an 887 tona birziklatzera igaro da. Alde handiagoa dago beiraren birziklapenaren kasuan. %11,87 jaitsi da birziklapena. Hala ere, datu orokorra jaistea kontsumoa gutxitu denaren adierazle izan daiteke. Hau da, 2020ko martxotik maiatzera biztanlegoa etxean konfinaturik egon zen, eta ostalaritza itxita egon zen azaroan ere. Beraz, beiraren jaitsiera tabernetan kontsumorik ez egoteagatik ere izan daiteke. Modu berean, organikoaren eta ontzi arinen igoera etxeetan gehiago sukaldatu izana izan daiteke.
Bestalde, tamaina txikiko objektu berrerabilgarriak jasotzeko ontzi zurietako birziklapena ere jaitsi egin da %10, 31, bai eta traste zaharren bilketa ere. 184 tonatik 131ra jaitsi da traste zaharren bilketa.
Dena dela, pilen kasuan eman da aldaketa nabarmenena. Amankomunazgoak jasotako datuen arabera birziklatutako pilen kopurua bikoiztu egin da, 916 kilotik 1.980 kilora igo da.
Aldaketak hilabeteen arabera. Konfinamenduak izan du eragina hondakinei dagokionez. Hala, urteko hasierako hilabeteetan, urtarriletik otsailera, urte arrunt bateko neguko datuak errepikatzen dira. Hondakinen murrizketa %2,85 izan zen: «Organikoaren eta ontzi arinen sorrerak igotzen jarraitzen du, etxean kontsumoa ematen den seinale; kartoiaren igoera urteko sasoi horretan normala da, Gabonetako oparien estalkiek datua igo egiten dute, eta zuriaren igoera, sasoi honetan etxeetan sartu diren jostailu eta bestelako gauzei leku egiteko zaharrak edukiontzi horretara bideratu diren seinale izan daiteke», azaldu dute Amankomunazgoko arduradunek.
2020ko martxotik maiatzera bitartean, hondakinen murrizketa %6,5ekoa izan zen
Konfinamendu egoeran, berriz, martxotik maiatzera bitartean, hondakinen murrizketa %6,5ekoa izan zen datuen arabera. Pentsatu daiteke etxeko kontsumoak eragin zezakeela organikoa, ontzi arinak eta olioaren igoera, bai eta ontzi zuriaren igoera ere, hau da, etxean egotean armairuak atontzen ibili ahal izan da jendea. Ostera, beiraren jaitsiera tabernetan kontsumorik egon ez delako izan daiteke (238. 417 kilo beira jaso ziren 2019 urtean eta 178. 789 kilo 2020 urtean).
Aurreko hilabeteekin alderatuta, uda garaian (ekainetik irailera) hondakinen murrizketa moteldu egin zen, eta %1,73koa izan zen. 2019 urteagaz alderatuta, beira kontsumoa jaitsi egin zen iaz, eta arrazoiak bisitarien gutxitzea edo tabernetara gutxiago joatea izan daitezke. Bestalde, organikoaren bilketak igotzen jarraitu zuen, eta azaldu dutenez, edukiontzien erabilera eta berau irekitzeko txartelen eta materialeen eskariak ere gehitu egin ziren. 2020ko uda garaian 2019 urtekoan baino 3.580 tona gehiago batu ziren.