Lekeitiok eta Markina-Xemeinek neurri zorrotzagoak hartu dituzte COVIDaren hedapena geldiarazteko
Bi herrietako intzidentzia tasak 500etik gorakoak direlako hartu dituzte neurriak. Osasun Sailagaz elkarlanean, neurri murriztaileagoak hartzea erabaki dute. Neurri berriak herriek gune gorrian egoten jarraitzen duten bitartean egongo dira indarrean, edota araudi berri bat argitaratu arte.
Lekeitio eta Markina-Xemeingo intzidentzia tasak 500etik gorakoak direla jakinda, bi herrietako udal arduradunek neurri murriztaileagoak ezartzea erabki dute, Osasun Sailagaz elkarlanean. “500eko kopurua zeharo gainditzen dugu”, esan dute Lekeitioko udal ordezkariek.
Lekeitio. Neurri berriak eguaztenean [urtarrilak 13] sartuko direnez indarrean, Lekeitio itxi egingo da, 500eko langa gainditzen duelako. “Ezin izango da Lekeitiotik irten edo sartu arrazoitutako kasua ez bada. Eta hori betetzen dela ziurtatzeko Ertzaintzak eta Udaltzaingoak kontrolak egingo dituzte Lekeitioko sarrera-irteeretan”. Horrez gain, udalak ondoko neurriak ere hartu ditu, “herritarren osasuna bermatze aldera”:
- Kiroldegiaren eta igerilekuaren aforoa gaur egun dagoenaren erdira jaitsiko da. Eta igerilekura joateko aurretiaz hitzordua hartu beharko da. Ikastaroak bertan behera geratuko dira, eta kiroldegian kirola egin nahi dutenek bakarka egin beharko dute. Aldagelak ere itxi egingo dituzte.
- Gainontzeko kirol instalakuntza guztiak itxiko dituzte.
- Kultur etxean dagoen liburutegiaren eta ikasgelen aforoa ere egun dagoenaren erdira murriztuko da, eta ikastera joaten direnei aurretiaz hitzordua hartzeko gomendatu diete, “lekua edukiko dutela ziurtatzeko”.
- Ikusgarri zinema aretoa itxi egingo da; ez da proiekziorik eskainiko.
- Herriko jolasguneak itxi egingo dituzte, eta ikastetxeetako jolastokiak ere itxi egingo dituzte 16:30etik aurrera eta asteburuetan.
- Herriko parkeak 20:00etan itxiko dituzte, egunero.
- Skateparka itxi egingo da.
- Astean behin egiten den azoka bertan behera geratuko da.
Neurri horiek guztiak eguaztenetik [urtarrilak 13] aurrera egongo dira indarrean, eta bere horretan mantenduko dira Lekeitiok gune gorrian egoten jarraitzen duen bitartean edo araudi berri bat argitaratzen den bitartean. “Arau horiek zorroztasunez betetzea eskatzen diegu herritarrei”.
Markina-Xemein. Markina-Xemeingo Udalak, ostera, aforoak egokitu ditu, udal eraikinetan bilerak egitea debekatu du eta kultur aretoa itxi egingo dute. “Jolasguneak ere itxi egingo dira, eta herriko sarrera-irteeretan Udaltzaingoak kontrolak egingo ditu”.