Markina-Xemeingo Udalak terrazetako instalazioak ordaintzeko laguntzak emango ditu
Neguko hilabeteei begira toldoak eta alboko babesak ipini nahi dituzten ostalariei laguntzea dute asmoa. Inbertsioaren %60ra arteko diru laguntza emango du udalak.
Terrazetako instalazioak ordaindu ahal izateko diru laguntza emango die Markina-Xemeingo Udalak ostalariei. COVID-19 pandemiak eragindako egoera bereziari erantzutera dator neurri berria ere. Batez ere, neguko hilabeteetan, bezeroak babesteko toldoak edo alboko babesak jartzeko laguntza izan dezaten.
Udalak jakitera eman duenez, establezimenduek egindako material erosketa edo inbertsioaren %60ra arte lagunduko dute. Hasiera batean, gehienez 1.000 euroko laguntza jasoko du aktibitate bakoitzak, baina eskaera kopuruaren arabera laguntza handiagoak jaso ahal izango dituzte. Udalak 27.441,92 euro bideratuko ditu guztira, ostalaritza establezimenduei terrazetako inbertsioak egiten laguntzeko, eta osorik banatuko dutela zehaztu dute.
Laguntza eskuratu ahal izateko baldintza batzuk bete beharko dituzte ostalaritza establezimenduek: Markina-Xemeinen kokatutako establezimendua izan beharko da, lokalaren kanpoan udalak baimendutako terraza zerbitzua eduki beharko du, jarri nahi dituzten estaldura elementuek udalak ezarritako irizpide teknikoak bete beharko dituzte, ez dute Markina-Xemeingo Udalagaz zorrik eduki beharko eta COVID-19ak eragindako egoeragatik egin beharreko inbertsioak izan beharko dira.
Eskaerak urtarrilaren 31ra arte aurkeztu ahalko dituzte ostalariek udalaren helbide elektronikora idatzita edo aurrez aurre Berton bulegoan.
Markina-Xemeingo Tokiko Gobernu Batzarrak abenduaren 17ko bilkuran onartu zituen deialdiaren oinarriak, eta jakitera eman dutenez, herriko ostalaritza-establezimendu guztiei eman diete deialdiaren berri. “Dokumentazio gehigarria ere bidali zaie, egin ahalko dituzten inbertsioetarako gida modura”.